Irudiak
San Tomasek ez zuen sinetsi Jesu Kristo berpiztu egin zenik bere begiekin ikusi zuen arte. Hala kontatu izan digute beti, San Tomasek lehenengo ikusi eta gero sinetsi zuela. Gu ez gara ez santu ez santa, baina irudiak erabat hartutako munduan bizi gara. Guk ematen dugun irudia guk besteez egiten duguna bezain garrantzitsua da, eta, telebistari, zinemari zein sare sozialei esker, esplikatzen dizkiguten gauza guztiei buruzko irudiak ditugu eskura. Denak ez ditugu berdin balioesten, ordea. Adibide argiak izan ditugu azken boladan. Esate baterako, Errusiako armadak milaka ukrainar hil dituela esan digute, eta guk sinetsi egin dugu. Irudietan, ez dizkigute dozena bat gorpu baino askoz gehiago erakutsi, baina guk, horiek ikusi ondoren, erraz sinetsi dugu askoz gehiago izan direla hildakoak. Baita sare sozialetan ukrainarrak telebista kamerak piztu aurretik manikiak hildakoak irudi dezaten lurrean kokatzen ikusi baditugu ere. Shiren Abu Aqlehren hilketarekin, aldiz, ez da gauza bera gertatu. Lurrera erori zen unea ia zuzenean ikusi arren, jende askok zalantzan jarri du nork hil ote duen. Hildako bakarraz eta hiltzaile bakarraz ari gara, eta biak ikusten dira bideoan. Bueno, tiro nork egin zuen ez da argi ikusten, baina tiroa nondik zetorren bai. Hala ere, zalantzak sortzen dizkigu. Ukrainako zenbaki eta irudi dantzak ez digu galdera ikurrik jartzen bekokian, baina.
Komunikabideek oso ondo aukeratzen dute noiz zein irudi eman behar diguten, eta irudi bakoitzari zein ahots jarri behar dioten. Azkenean, biktima batzuk beste batzuk baino askoz ere biktimago sentitzen ditugu, gerra batzuk askoz ere geureago egiten ditugu, eta zapalkuntza batzuk naturalizatu ere bai. Ez luke hala izan behar: irudi guztiek asaldatu beharko gintuzkete, eta zabaltzen duten mezuarekin koherenteak ez direnek besteek baino gehiago.