Prest da EHZren aurtengo edizioa
Euskal Herria Zuzenean jaialdia Arberatze-Zilhekoan (Amikuze, Nafarroa Beherea) egingo da aurten, ekainaren 28tik 30era. Oholtzara ahal bezainbeste musika estilo eraman nahian, egitarau oparoa prestatu dute, bertan izango baitira, besteak beste, Harat, Kimule, Ke Lepo, Libe, Karma, Bananas, RTZ Kolektiboa, Ezezez, Haira, Gorka Urbizu, Thsegue, Meule, Vox Low, Janus Lester, Old School Funky Family, Rüdiger, Pelax, Su Ta Gar, Octopussy, Süne, Auhen, Lysistrata, Vincen García, Belako, Benizze, Nakar... Bestalde, aurreko urteetako formulari eutsita, hainbat motatako animazioak izanen dira, urririk, herriko plazan: zirkua, antzerkia, dantza, haurren txokoa, mintzaldiak, tailerrak, mahai-inguruak... Informazio gehiago eskuratzeko eta sarrerak erosteko, www.ehz.eus atarira jo daiteke.
XABIER BADIOLA musikari eibartarrak bakarkako lehen lana argitaratu du Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin. Etxean ekoitzi du diskoa, hamar kantu bilduta: hiru instrumentalak dira, eta gainerakoak euskaraz kantatzen ditu, batzuetan Regina Luisa Zigaranen laguntzaz. Abestiek Ego ibaiaren haranera daramate entzulea, antzinako tailerrak naturarekin elkartzen diren lekura, Badiolaren gitarra doinuek Britainia Handiko folkaren eta 60ko hamarkadako euskal kantu berriaren kutsua baitute.
UBERA
Tiktara
Egilea editore, 2024
Disko honek euskal diasporaz dihardu, Latinoamerikara joan ziren euskal emigranteez. Hiru urteko lana da, non zazpi abestiak osatzeko zazpi etorkinen istorioetan oinarritu diren, Euskal Etxeen laguntzaz. Gaiaz gain, musika bat dator kontakizunekin, hango doinu eta erritmoak euskal musikarekin uztartu dituztelako: danzon kubatarra, tango argentinarra, Andeetako albazoa, Kolonbiako bambucoa...
BURUZ BURU
Maskak
Egilea editore, 2024
Lehen diskoa kaleratu du Itsasuko eta Bidarraiko lau musikarik osatutako taldeak. Patxi Cazenavek (ahotsa), Betti Alborrek (gitarra), Thomas Saraguetak (bateria) eta Battit Etchartek (teklatua, ahotsa) pop-rock estiloan eta elektronikoan sortutako dozena bat abesti sartu dute diskoan, osasun mentalaz mintzatzeko: bizitza erritmoaren azkartzea, kezkak, beldurrak, zalantzak, amorrazioa, depresioa...