Ibon RG-k ´Iaquin vahu´ albuma kaleratu du
Musikari bizkaitarrak Bernat Etxepareren olerkiak abesti bihurtu eta Repetidor zigilu kolektiboarekin kaleratu ditu. Ez dira edozein olerki, euskaraz inprimatutako lehenengoak baizik, Linguae Vasconum Primitiae liburukoak (1545). Eta ez dira olerki guztiak, Itxaro Borda idazleak bakoitzetik hautatutako bertso lerroak ere badaudelako. Lana osatzeko, René Lafonek eta Patxi Altunak bere garaian frantsesera eta gaztelaniara egindako itzulpenak (eguneratuta) biltzen dituen liburua erabili du. Hamasei pieza dira guztira, batzuk a capella eta beste batzuk pianoaz lagunduta abestuak. Batzuk, bakarka; beste batzuk, kolaboratzaileen laguntzaz, hala nola Enrike Hurtado, Garazi Navas, Miguel A. García, Verde Prato, Maite Arroitajauregi Mursego, Matías Riquelme, Fernando Ulzión, SusanaRG, Ane Arana edo Paraluxekin.
GIZA ZARATA (Tristuraren industria, 2024) lana kaleratu du Anari idazle eta musikari azkoitiarrak, berak konposatu eta idatzitako hamar abestiren bilduma. Berarenak dira moldaketa eta ekoizpena ere, Joaquín Pascualekin eginak (gitarrekin, pianoarekin eta teklatuekin ere lagundu dio). Bere ibilbideko zazpigarren lan luze honetan, gainera, Paco Loco (elektro-trasteak), Xabier Olazabal Drake (baxuak) eta Mikel Txopeitia (bateria eta perkusioa) izan ditu bidelagun.
INBASIOAK
Ekhi Lambert
Forbidden Colours, 2024
Lamberten bakarkako bigarren diskoa izan behar zuena lan kolektiboa bihurtu da, hainbat musikarirekin osatu baitu: Oiasso Kamerata hari orkestrako musikariak, Joseba Irazoki, Félix Buff, Oihan Oliarj-Ines, Ludovic Leriche, Vincent Mougel... Kantuari eta poesiari lehentasuna eta musikariei askatasun handia emanda, giro dotore eta epikoa ehundu du, orkestra musikak ezarritako ildoetatik harago.
BAKARKA BI
Ruper Ordorika
Elkar, 2024
Oñatiarraren disko berria 2018an argitaratutako Bakarka proiektuaren jarraipena da, Ruperren errepertorioaren zati bat era intimo eta minimalistan, bakarka, berreskuratzeko aukera. Musikariaren diskografiako dozena bat abesti biltzen ditu, "artifiziorik gabeko" formatuan, "kantuaren funtsa” ezagutarazteko. Aurrekoan bezala, grabazioa, nahasketak eta masterizazioa Azkarateko Mamia estudioan egin dira.