AMAK: lau soinu, lau pandero, lau ahots...
Eta lau emakume, lau ama, AMAK diskoaren atzean. Gona gorria singlearen bideoklipa argitaratu eta gutxira kaleratu da taldearen lehen albuma. Alaitz Telletxeak, Maixa Lizarribarrek, Amaia Orejak eta Kristina Solanok laguntzaile asko izan dituzte zortzi kantak osatzeko. Besteak beste, Arkaitz Miner, Txus Aranburu, Zigor Dz eta Arkaitz Bastarrika, hainbat musika tresnarekin; eta, hitzak sortzeko, Onintza Enbeita, Karmele Jaio eta Olaran elkartea. Denen lanaren emaitza dira folk ukituko kalejirak, arin-arinak, balsak, baladak, trikitiak eta zortzikoak. Xabi Solano arduratu da grabazioaz eta ekoizpenaz, Aitor Saizarren laguntzarekin, eta Jonan Ordorikak biribildu du masterizazioa. Proposamen berria ezin hobeto hartu du jendeak, kontzertu ugari baitute udako agendan. Esate baterako, ekainean, Aian (5ean), Urnietan (12an), Errezilen (13an), Zumarragan (19an), Arrasaten (20an) eta Orion (26an) joko dute. Ordutik aurrerako hitzorduak taldearen webgunean kontsulta ditzakezue.
EHZ festibalak 25. urteurrena ospatuko du aurten, iazko etenaldiaren ondoren. Irisarrin egingo da, uztailaren 2tik 4ra bitarteko asteburuan. Egitarauari dagokionez, euskal artistak baino ez dira egongo aurten, hala nola Ruper Ordorika, Chill Mafia eta Potato. Kulturak arnasa hartu ahal izatea du xede jaialdiak, pandemia dela kausa kultur ekitaldiek pairatu duten itzalaldiari aurre egiteko. Halere, neurri bereziak ere ezarri beharko dituzte COVID-19a saihesteko: txertoa hartu izanaren agiria edo gehienez 48 ordu lehenago egindako PCR proba negatiboa erakutsi beharko dute bertaratzen direnek (mila lagun inguru sartu ahal izatea espero dute), eta ekitaldi guztietan zutik eta musukoa jantzita egon beharko dute. Sarrerak dagoeneko salgai daude www.ehz.eus atarian.
ERRAUTSAK
Addar
Gor Diskak, 2021
Talde bermeotarrak bost kantuz osatu zuen bere lehen diskoa (Sugarra), eta lan hari hiru abesti berri gehituta kaleratu du bigarren album hau. Electroshock, Ito arte eta Karta jokoak dira kantu berriak , baina taldearen hasierako estiloari jarraitzen diote: energiaz beteriko oinarri sendoak dituen rocka, riff indartsuak eta melodia zakarrak, lehen akordetik azken kolpera arte. Lana ontzeko, Koba estudioetara itzuli dira Gorka Padrones (ahotsa eta gitarra), Beñat Aurre (gitarra), Imanol Rodriguez (bateria) eta Mikel Omagogeaskoa (baxua).
LEIHOTIK MUNDURA
Serge
Elkar, 2021
Bakarkako lehen proiektuari heldu dio Sergek lan honekin, modu intimistan eta akustikoan heldu ere. Enarak itzuli dira lehen diskoan, Gari Berasaluze lagunaren olerkiak musikatu zituen, baina oraingo honetan berak idatzi ditu zortzi abestien hitzak, gainezka egiten dioten sentimenduei erreparatuta. Entzulea konplize eta bidaide izateko adina indar dute istorioek, eta doinuek badute argi izpirik behe-laino artean. Itxaropenari zabalduta dagoen leihoa atera du mundura. Zestoako Gaztain estudioan grabatu du lan berria, Eñaut Gaztañagaren laguntzarekin.