Pandemiaren eraginez etenda egon ostean, berriz ikusi eta entzun ahal izango dira estaturik gabeko nazioetatik etorritako artistak Galdakaoko agertokian, azaroaren 5ean eta 6an. Xabier Solano Maiza trikitilaria eta Skakeitan taldea izango dira aurtengo edizioko euskal partaideak. Haiekin batera, I Beddi, Siziliako musika tradizionala berreskuratzeko asmoz 2005ean osatutako seikotea; Adir Jan, Berlingo Kreuzberg auzoan jaiotako kurdua, queer poesiaren, folkaren, mistizismo sufiaren eta rock psikodelikoaren arteko musika nahasketa egiten duena; eta Danny Baldursson, Faroe uharteetako abeslari eta gitarra jotzailea (Song Writing Award saria irabazi zuen 2019an, Holy abestiarengatik). Ohiko legez, jarduera paraleloez ere gozatu ahal izango da, luthierren azokaz, kasu, larunbat eguerditik aurrera.

ISPILUAREN AURREAN disko laburra kaleratu du Afrika Bibangek, gizartearen autoestimu faltaren gaineko gogoeta ardatz hartuta. Euskarazko hiru kantu eta ingelesez abestutako beste bat bildu ditu diskoan, soul eta r&b estiloei eutsita. Lanaren aurkezpena zuzenean ikusteko hainbat aukera izango dira hemendik aurrera, hala nola Gasteizko Malibú diskotekan, azaroaren 5ean; Donostiako Doka antzokian, hilaren 12an; eta Iruñeko Totem aretoan, azaroaren 14an.

POLIEDRO VOL.1
Trigger
Autoekoizpena, 2021

Eñaut Zubizarreta Mendieta dago Trigger proiektuaren atzean. Txelo ikasketa klasikoak egin arren, duela urte batzuk rocketik eratorritako musikak lantzen hasi zen, eta emaitza 19 abestiz osatutako bilduma eta liburua dira. Diskoan, metala, post-rocka edo drum&bassa aurki daitezke, besteak beste. Zuzenekoetan, Quico Pugès eta Jokin Garmendia ditu lagun, baita Amaiur Luluaga dantzaria ere, techno abestietan.

EUSKAL HERRIKO RUNBA
Kilimak
Baga-Biga, 2021

Talde gipuzkoarraren lehen lanak sei abesti ditu, bost euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Izenburuak berak adierazten duenez, jaia, bozkarioa eta alaitasuna dira nagusi diskoan. Hernanin sortu zen taldea, 2018an, Agus Garmendiak jai giroan runba abesti bat jo, eta kilimak sentitu zituenean sabelean. Orain, Ione eta Ihintza Zozaya, Ander Larrañaga Larra, Antxon Gutierrez eta Oskitz Gorrotxategi ditu ondoan.

 

Artikulu gehiago …

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.