Horoskopoa
ARIES
martxoak 21-apirilak 20
Nire teleskopiotik, urruneko planeta batean izaki bat ikusi dut teleskopio batetik begira: astrologo estralurtar bat! Eta hauxe iragarri du: ni, Ziri Stardust, unibertsoko astrologo onena naiz.
TAURUS
apirilak 21-maiatzak 20
Sinetsiko ez dituzuen gauzak ikusi ditut: espazio-ontziak sutan Oriondik gertu; C izpiak diz-diz iluntasunean, Tannhäuserko atean; estadioak betetzen ez dituzten musika-taldeen kontzertuak.
GEMINI
maiatzak 21-ekainak 20
Egunerokoan euskarari kasurik ez, eta Korrikan parte hartu? Basquewashing egiten dutenei, egin kritika! Baina urte osoan xaboia ukitu ez eta Korrikan atera ostean besapewashing egiten dutenei, egin txalo!
CANCER
ekainak 21-uztailak 20
Esamolde baten arabera, iritziak ipurdiak bezalakoak dira: denok dugu bat eta bakarra, eta besteenek usain txarra dutela uste dugu. Hori bai, ipurdi guztiak errespetagarriak dira, iritzi guztiak ez bezala.
LEO
uztailak 21-abuztuak 20
Kalean gero eta manikura-denda, barber shop eta fruta-denda gehiago ikusten ditut. Mundua pikutara doa, baina lasai: azkazal dotoreekin, bizarra eginda eta modu osasungarrian janez harrapatuko gaitu.
VIRGO
abuztuak 21-irailak 20
Munduaren amaiera iristear dago! Hala ere, ez kezkatu: paketeria-zerbitzu batek etxera ekarriko digu gutako bakoitzari; eta, etxean ez bagaude, bizilagunak jasoko du gure ordez.
LIBRA
irailak 21-urriak 20
Aurten ere, 1. Korrikan erabili zenuen txandala jantziko duzu, oso vintagea delako. Agian, hobe duzu berria janztea, vintagea, retroa eta prehistoria kontzeptuak bereizten dituen muga-lerroa oso fina baita.
SCORPIUS
urriak 21-azaroak 20
Euskaraz birao eta irainik ez dagoela dioena artaburu, zantar, babolio, astapistola, babalore, ergelputz, pepelerdo, melontzio, tontolapiko, memelo, zerriurde, zorri ustel eta mutur zikin hutsa da.
SAGITARIUS
azaroak 21-abenduak 20
Erne! “Bat aldiz” esaten duzun bakoitzean, euskal- tzain bati hiru isun jartzen dizkiote, egun berean, gehiegizko abiaduragatik A-8 autobidean, Donostiatik Bilbora bilera batera doala.
CAPRICORNIUS
abenduak 21-urtarrilak 20
Futbolzalea izatea ongi dago, baina uste dut zure zaletasuna gehiegizkoa dela: “Osasuna, ongi” iragartzen dudanean, osasun fisiko eta psikologikoaz ari naiz, ez futbol-talde nafarraz!
AQUARIUS
urtarrilak 21-otsailak 20
Ni baino astrologo fidagarriagorik ez dago. Beraz, egin kasu: erosi berehala Korrikako petoa. Bestela, beti bezala, ahaztu egingo zaizu, agortu egingo dira eta zu Korrikan berriz petorik gabe!
PISCES
otsailak 21-martxoak 20
Astrologia oso zehatza da, eta matematikak aliatu ditu. Adibidez, iragar dezaket espiritualitate handikoak direla dioten pertsonen % 95ek espiritualtasuna puzker-jasa arruntekin nahasten dutela.

