Julen Axpe
Umoregilea

Furgonologo izeneko lanarekin, furgoneta batean dabil hara eta hona azken urteetan Axpe (Otxandio, 1995), baita sare sozialetan esketxak zabaltzen ere. Furgoneta du bai etxe bai lantoki: 2019an, Bartzelonara joan zen bakarrizketa ikuskizun bat egitera, eta orduan hasi zen furgonetan bizitzen. Ordutik bizi izandakoak baliatzen ditu umorez kontatzeko, eta Aupa hi! saioa ere egin zuen ETBn. Aurretik futbolean ibilia, DAZN plataforman Athleticen partidak euskaraz kontatzen ditu. Eñaut Mitxelena. Argazkia: Foku. 

Zer da furgonologoa?
Bakarrizketari ogibidean hasi nahi nuen. Hori lortzeko Bartzelonara furgonetaz joan nintzenean, bi mundu horiek lotu nituen: furgonetarena eta bakarrizketena. Horrela sortu nuen furgonologo kontzeptua. Sare sozialetan Furgonologo izenburuarekin esketxak egiten hasi nintzen, furgonetako bizitzak inspiratzen ninduelako komedia egitera. Ondoren, furgoneta agertoki bihurtu nuen, eta herriz herri hasi nintzen bakarrizketak egiten. Hala sare sozialetako nola kaleko emanaldien izena Furgonologo izan zen.

Furgoneta zure etxea eta zure lantokia da. Nola moldatzen zara horrela?
Fase ezberdinak bizi izan ditut. Bartzelonan, 4 urtez egon nintzen hiri erdian furgonetan bizitzen. Lo egiteko tokia zen furgoneta; egunez, dutxatzeko, futbol zelaira joaten nintzen; idazteko, liburutegira; komunera, tabernetara... Bizitzako erosotasun horiek ez izateak adimena bizkortu beharra eragiten zidan, eta orduan bizi izan nituen gauza askok gerora nire komedia elikatu dute. Orain, beste fase batean nago: Otxandion bizi naiz berriro. Amamaren etxean jan, aitaren etxean dutxatu, amaren etxean afaldu... eta lo furgonetan egiten dut. Lehen, furgonetan egiten nuen dena, baina orain logela da, eta herrian egonda erosotasun gehiago dauzkat.
Nola definituko zenuke zeure burua? Bidaiaria, nomada, alderraia...
Furgonetak askatasuna eman dit, nagusiki. Lekuetara joateko, nire showak egiteko; eta, sormen aldetik, sormen iturri handia izan da beti. Nomada edo? Ez; azken batean, nik bueltak ematen ditut, baina oso lotuta sentitzen naiz nire herriarekiko, familiarekiko, neska lagunarekiko... Hortik aurrera, batera eta bestera ibili behar badut, egingo dut, baina beti daukat nora itzuli, eta horrela sentitzen dut.

Nolakoa da zure umorea?
Bizia, niri pasatu zaizkidan gauzak kontatzen ditudalako, edo neure esperientzian oinarrituak. Finean, zure zer edo zer kontatzen duzunean, edo benetan sinesten duzun zerbait, bizitasun hori transmititu egiten da. Hortaz, bizia da, eta edozein pertsonak ikusi ahal duena.
Furgonetan bizitzearen onena eta okerrena?
Onena, askatasuna. Azkenean, niretzat ez da furgoneta, nire lekua da. Orain, herrian egonda ere, aitaren etxean nire txikitako gela izan arren, furgonetan egiten dut lo, hor sentitzen naiz ongi. Espazio bat sortu dut hor barruan, etxe ibiltaria da. Txarrena, matxurak. Furgoneta zaharra denez, beti du zerbait.
Zenbat kilometro ditu furgonetak eta zenbat geratzen zaizkio?
515.000 kilometro ditu. Bigarren galderaren erantzuna... infinitu esango nuke. Ez dauka iraungitze datarik, matxurak dauzkanean beti tematzen naizelako konpontzen; ez dut furgoneta aldatzeko asmorik, oraingoz. Udan emanaldi mordoa izango dut, beraz, espero dut sasoi hori, behintzat, ongi aguantatzea.
Futbolaria izan zinen, eta orain Athleticen partiden esataria. Esan daiteke futboletik ere bizitza ateratzen duzula.
Bai. Tira, soldatari dagokionez, inoiz ez dut bizitza futboletik atera, baina amets hori beti izan dut. Gaztetan, bakarrizketaria izan aurretik, futbolaria izatea amesten nuen. Bakarrizketaria naiz futbolean porrot egin nuelako. Beraz, begira: batzuetan, porrotak goraipatu egin behar dira, eta gauzak datozen bezala onartu. Beti diot: Lehen Mailan egotea lortu dut, behintzat; esatari lanean lortu dut futbolari lortu ezin izan nuena. Oso pozik nabil, asko disfrutatzen dut. Espero gabeko pasio berri bat topatu dut.

DI-DA BATEAN

Zerk alaitzen dizu eguna?
Nire txakurrak besarkatzeak.
Eta tristatu?
Sortzeko proiekturik ez izateak.
Zerk eragiten dizu barrea?
Bakarrizketek.
Eta negarra?
Zenbait pelikula tristek.
Zerk haserrearazten zaitu?
Palatan galtzeak.
Bizio bat?
Frontoia.
Plazer txiki bat?
Japoniar buffet librea.
Plazer handi bat?
Barikuetan, amamaren etxeko babarrunak.
Zer izan nahi zenuen txikitan?
Futbolaria.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi?
Bulegaria.
Bakarrizketari bat?
Zuhaitz Gurrutxaga.
Futbolari bat?
Nico Williams.
Furgoneta modelo bat?
Volkswagen T4 California, nirea.
Autokarabanak ez zaitu tentatzen?
Noizbait oparitzen badidate, ez diot uko egingo, baina oraingoz nire furgonetan jarraituko dut, eta nahiago.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.