Nagore Rementeria
Teknopolis saioko zuzendaria
Rementeria (Eibar, 1975) Teknopolis saioaren zuzendaria da. Elhuyar Fundazioak eta ETBk ekoitzia, zientzia euskaraz lantzen duen saio beteranoa da: 25 urte bete zituen iazko martxoan. 2014tik zuzentzen du Rementeriak. Aurretik, erredaktore lan egin zuen bertan. Izan ere, Kimika ikasketak egin bazituen ere, ia beti zientziaren komunikazioan aritu izan da, 2003an Elhuyarren hasi zenetik: bai idatziz bai irratian bai, azken urteetan bezala, telebistan. Eñaut Mitxelena.
25 urte telebistan. Ezta Goenkalek ere!
Kar-kar! Dagoeneko klasiko bihurtu da Teknopolis. Agian, gure ibilbide xumeak lagundu du irauten, baina zientzia gaiak-eta komunikatu beharra dagoela ere erakusten du. Are gehiago telebista publikoetan, beti izan izan behar du lekua. Duela 25 urte, ideia zoro horrekin tematu ziren batzuk, ahalegin handia egin zuten martxan jartzeko, eta harrezkero etengabeko egokitze prozesua izan da. Garaietara egokitu, eta hemen jarraitzen dugu.
Urteotan, zenbat aldatu da saioa?
Gizartea eta telebista aldatu egin dira, eta saioa berdin-berdin. Irudi aldetik erabat, baina oinarrian ez horrenbeste, erreportajeetan oinarritutako programa izaten jarraitzen baitu. Guretzat oso baliagarria da gaiei denbora eskaintzea: batzuentzat zail samarrak diren gaiak azaltzeko, denbora behar duzu. Berez, funtsean, helburu berak ditugu oraindik: zientzia, teknologia eta berrikuntza gaiak. Hortik aurrera, egokitzapena etengabekoa izan da. Teknikari dagokionez, teknologikoki telebista bera asko aldatu da, eta Teknopolis beti izan da lehenengoetakoa aldaketa horiek egiten. Gero, sare sozialak, saioa Interneten jartzea... pausoz pauso etorri diren gauzak dira, hasiera batean pentsa ezinak.
Eta zientzia?
Esango nuke asko aldatu dela, gehiago ezagutzen dugulako, hobeto. Garai batean opakoagoa zela uste dut. Orain, aldiz, gardentasun handixeagoa dago zientziaren munduan. Bestalde, kontuan izan behar da zientziak, eta zientzialariek, bereziki, badutela eskakizun bat: argitaratzea. Egiten duten guztia argitaratzeko presio handia daukatenez, informazio asko iristen zaigu mundu horretatik. Beraz, bai, aldatu da, gaur egun oso azkar doalako dena.
Eta euskara zientzian? Elhuyar horretan aritzen da 1972tik.
Elhuyar batez ere ingeniariak ziren gazte batzuek sortu zuten, euskararekin kezkatuta zeudelako. Orduan hasi ziren asko lantzen, Elhuyarren eta beste talde batzuetan, euskara teknikoa. Halere, nire ustez, euskara teknikoarena nahiko gaindituta dago jada; orain, beste fase batean gaude, zientziari buruz euskaraz naturaltasunez aritzekoan, hain zuzen ere. Horretan, azken urteotan, lan handia egin da. Finean, euskaraz komunikazio argia egitean datza, gure hizkuntzan beste edozertaz hitz egiten dugun bezalaxe zientziaz ere mintzatu ahal garelako. Eta terminologia zehaztean ere bai. Terminologia euskaratzen dugu, baina zenbat eta gehiago hitz egin zientziaz euskaraz, orduan eta errazagoa da. Nire iritziz, dagoeneko natural-natural ateratzen zaigu zientziari buruz euskaraz hitz egitea.
Zientzia modu errazean azaltzea erraza al da?
Ez da zaila. Jakin-mina, oro har, eta zientzia gaiekiko jakin-mina, zehazki, izanez gero, eta asetzen saiatzen bazara, lanaren zati bat egina daukazu. Zientzia gustuko baduzu eta besteei zuk ere gai hori ulertzeko egin duzun ibilbidea laburtzeko gai bazara... Ez da erraza, baina trebatu egiten zara. Gustuko eginkizuna izateak ere laguntzen du.
Magufokeriak, fake news-ak... zientzia dibulgazioa inoiz baino beharrezkoagoa da?
Seguruena, bai. Orain, kanal asko daude mezuak zabaltzeko, eta guztietan egon behar dugu. Sare sozialetan edonork argitara dezake, eta, gauzak segurtasunez esaten baditu, jendeak sinetsi egingo dio, agian. Kazetaritzan, kontrastatutako informazioa ematea garrantzitsua da, eta horregatik kazetaritza lana ere balioetsi egin behar da. Lan handia dago egiteko, orain kontrastatu gabeko kontu asko plazaratzen delako, eta askotan zaila izaten da jakitea zein diren iturri fidagarriak. Hortaz, iturri fidagarriok esan eta esan aritu behar gatzaizkio jendeari, gure kasuan zientziatik hurbil dauden baieztapenak eman ahal izateko. Baieztapenak eta zalantzak, zalantzak ere azaldu egin behar direlako.
Zientzia eta ezagutza euskaraz zabaltzen dituzue Elhuyarren. Zein dira etorkizuneko erronkak?
Oraintxe bertan, adimen artifizialean dago erronka nagusia. Gizarte guztietan, baina euskal gizartean bereziki, hizkuntza txikia daukagulako. Tira, Europa mailan beharbada ez da hain txikia, ezta? Esparru teknologiko digitalean, ordea, bada hizkuntza txikia, eta hor gure lekua egin behar dugu, edo orain arte egin duguna ezin dugu galdu, eta adimen artifizialak erronka handia ekarriko digu.
DI-DA BATEAN
Zerk alaitzen dizu eguna? Besarkada batek.
Eta tristatu? Azkenaldian, hormonek.
Zerk eragiten dizu barrea? Edozein txistek, barre errazekoa naiz.
Eta negarra? Haurrak sufritzen ikusteak.
Zerk haserrearazten zaitu? Tontotzat hartzeak.
Bizio bat? Zapatilak.
Plazer txiki bat? Euripean korrika egitea.
Plazer handi bat? Ezin dudalako askotan egin, kontzertuetara joatea.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Orkestra zuzendaria eta animaliei buruzko dokumentalen egilea Afrikan.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Nire printzipioekin bat ez datorren edozer gauza.
Zientziaren alor bat? Zientziaren komunikazioa.
Zientzialari bat? Silvia Earle, ozeanografoa eta ozeanoen aldeko ekintzailea.
Telebista saio bat? Teknopolis.
Nor ekarriko zenuke saiora? Hedy Lamarr.