Teresa de Zavaleta
Irakaslea
Sarritan, euskaldunek beren buruari galdetzen diote zer egiten duten Argentinan euskara bizirik mantentzeko, Euskal Herritik hamaika mila kilometrora egonik. Erantzuna: Teresa de Zavaletari (Arrecifes, 1964) eta hura bezalako pertsonei esker. Teresa irakaslea da, euskal arbasoak ditu, eta lan erraldoia egiten du diasporan euskal kultura eta hizkuntza zaindu eta zabaltzeko. Marcos Tedin. Argazkia: Marcos Tedin.
Zer da diaspora?
Diaspora hitza nahiko berria da Argentinako euskal jatorriko jendearentzat. Lehen, emigrazio prozesu historikoa izan zen: Euskal Herritik etorritakoak landa eremura joan ziren, Panpako hiri txikietan elkartu ziren, elkarri lagundu zioten, ohiturei eutsi zieten eta Argentinako gizartean arazorik gabe murgildu ziren, batzuk arrakasta handiz. Nik 60 urte ditut, baina txikitan gure inguruan inork ez zuen diaspora aipatzen, euskal kolektibitatea edo komunitatea bazik.
Zure ustez, zein da euskararen egoera Argentinan?
Ona da, gero eta jende gehiagok ikasten du, baina oraindik gehiago heda dezakegu. Euskal etxeetan gero eta hobeto sartu da, baina toki publiko gehiagotara atera beharko genuke, unibertsitate eta eskola gehiagotara…
DI-DA BATEAN
Zerk alaitzen dizu eguna?
Goizean goiz altxatuta, orduko aireak eta pertsona maiteen irribarreak.
Eta tristatu?
Elkar ez ulertzeak.
Zerk eragiten dizu barrea?
Gauza askok; batzuetan, bakarrik egiten dut eta zail egiten zait azaltzea, inozo samarra delako.
Eta negarra?
Maite dudan norbaitek utzitako hutsuneak.
Zerk haserrarazten zaitu?
Boteretsuen gezurrek eta emakumeon kontrako indarkeriak.
Bizio bat?
Pelikulak ikustea.
Plazer txiki bat?
Autoan irratia entzutea.
Plazer handi bat?
Bidaiatzea.
Zer izan nahi zenuen txikitan?
Umeen sendagilea; Malvinetako gudaren ondoren, baina, historia irakaslea izatea erabaki eta hala egin nuen.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi?
Indarkeria jasaten duen pertsona.
Euskarazko hitz bat?
Gehiegi dira, hitz onomatopeikoak batez ere… euria barra-barra, adibidez.
Euskal Herriko tokirik gustukoena?
Lekeitio.
Dantzarik gustukoena?
Aukeran Dantza Taldeak sortutako Aukeran arin-arina.
Kalimotxoa ala sagardoa?
Ardo beltza, eta Euskal Herriko poteoetan, patxarana.