Julen Portillo
Eduki sortzailea

YouTuben cover-ak egiten hasi zen duela zazpi urte Portillo (Zarautz, 1994). COVID-19ak eragindako konfinamenduan bere cover batek izandako arrakasta zela eta, TikToken edukiak euskaraz sareratzen hasi zen. Egun, 9.000 jarraitzaile baino gehiago ditu bertan, eta 2.200 pasatxo Instagramen. Bakarrizketak ere egiten ditu. Bulegari eta gidari lanak uzten dizkion tarteetan, edukiak euskaraz sortzen aritzen da. Arraio irrati libreko Galdedebalde saioan ere badabil. Eñaut Mitxelena.

Tikotkerra, umorista, eduki sortzailea... Nola aurkeztuko zaitugu?
Edukia euskaraz sortzen dugunon artean badugu eztabaida hori: zer da eduki sortzailea izatea? Noiz zara eduki sortzailea? Nire ustez, eduki sortzailea horretaz bizi dena da. Hau da, ez zara futbolaria futbolean jokatzeagatik, baizik eta hortik bizi zarelako. Hortaz, ez zait gustatzen eduki sortzaile, tiktoker edo halakorik esatea.
Honetan dabilenaren lana prekarioa da?
Bai, oso. Orain pixkanaka hasi da edukiak euskaraz sortzearen mundu hau, eta guztiz prekarioa da. Goitik eskaintzen diren lanetatik hasita. Alegia, erakunde publiko batek zerbait egiteko deitzen dizunean, ez dizu dirua eskaintzen, baizik eta kamiseta bat, poltsa bat... Pixkanaka, jendea hasia da hau lan bat dela ikusten. Oso gutxi kobratzen da, baina gu hasi gara dirua eskatzen, behintzat.
TikTok, Instagram... Non ibiltzen zara erosoen?
Gustatuko litzaidake YouTuben edo Twitchen gauza gehiago egitea, baina niretzat errazena TikTok da. Etxean prestatua dut Twitcheko zuzenekoak egiteko edo YouTuben bideoak egiteko beharrezko guztia. Baina diru sarrerarik ez dagoenean... Lan handia da trukean ezer ez jasotzeko. Twitchen 2 orduko zuzeneko bat egin, eta 6 pertsonak ikusten zaituzte. Euskal komunitatean ez da gutxi, horri ere balioa eman behar zaio. Baina ikusten duzunean ez dagoela apustu bat... Oso ongi dago euskararengatik gauzak egitea, baina puntu bateraino.
Twitchen bazabiltza, beraz?
Lau edo bost zuzeneko egin ditut azken bi urteetan. Twitchen badago euskal komunitatea: #3000Twitz kanpaina ere egin zuten Twitch euskaraz jartzeko... Jendea egon badago; kontua da ez dela ikusi nahi badagoela gauzak euskaraz egiten dituen jendea.
Ez da ikusi nahi?
Nire ustez, ez. Batzuk oso eroso bizi dira sareetan euskara sustatu behar dela esanez, eta egin behar dela, eta aitzindariak sortu behar direla... Sortu zertarako, dagoeneko baldin badaude? Hots, egin behar dena da dauden horiei bultzada txikia eman, eta ez gustatzen ez zaizulako alde batera utzi.
Hori erakundeen ardura da?
Bai. Guztiz, dudarik gabe. Erakundeek ez badute apusturik egiten, ez zaizu etorriko marka bat apustu egitera sudur puntan jarri zaiolako. Aurreneko bultzada erakundeek eman behar dute.
Zer egin dezakete erakundeek?
Badabiltzanak gehiago ikusarazi. Adibidez, telebistan pertsona horiek erakusten, saioetan ataltxo batzuk sartzen... Edo sari banaketa bat antolatu, esaterako, Gaztea sariak egiten diren bezala, baina eduki sortzaileen artean. Edo jaialdi bat... Horrelako gauzak sustatzea badago.
Kontsumitzaileak erakartzeko, zer egin?
Nik uste kontsumitzaileak badaudela. Beste gauza bat da gustatzen zaizun ala ez. Ez da kasualitatea nire TikTokeko bideoek eta, nireek bezala, beste askoren kontuek milaka erreprodukzio izatea. Ezohiko kopuruak daude, nire bideo pare bat 100.000 aldiz baino gehiago ikusi da, baina ohiko bideoak 6.000, 7.000, 15.000 aldiz... ez dira zenbaki txikiak! Horregatik diot ez dela ikusi nahi. Hiru milioi biztanle garen herri txiki honetan, proportzioa oso ongi dagoela iruditzen zait.
Like-ak, jarraitzaileak... beti zenbakiei begira?
Ongi geratuko nintzateke ezetz esanda, baina bai, noski, edukia igo eta ez duela funtzionatu ikusten duzunean, pena edo amorrua ematen dizu. Ezetz dioenak ez dio egia.
Nolakoa da zure umorea?
Oso-oso zuria, oso family friendly, publiko guztientzakoa. Ez naiz batere arriskatzen. Euskal Herrian oso zaila da umorea egitea: labana prest izaten dugu, zer esango zain, gure ideiekin gehiegi bat ez datorren zerbait esango ote den... Horregatik, kontuz samar ibili behar da hemen.
Hozkailuko barreak bai ala ez?
Ez. Nire ustez, egitea daukazun gauzarik okerrena da. Eta Euskal Herrian asko erabiltzen dira. Publikoa badaukazu, utzi publikoari barre egiten. Ez badu egiten, zerbaitengatik izango da. Igual ez da hain txiste ona!

DI-DA BATEAN

Zerk alaitzen dizu eguna? Txakurrak.
Eta tristatu? Eguraldi txarrak.
Zerk eragiten dizu barrea? Umore absurdoak.
Eta negarra? Frustrazioak.
Zerk haserrearazten zaitu? Oso zaila da ni haserretzea.
Zerk harritzen zaitu? Gazte jendeak hate-a jasotzeko daukan gaitasuna.
Bizio bat: Txortaloa.
Plazer txiki bat: Lagunekin bazkari bat egitea.
Eta sekulako plazer bat? Kezkarik ez edukitzea.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Albaitaria.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Irakaslea.
Sarea ala aurrez aurrekoa? Sarea.
Tiktoker bat: Xurxo Carreño.
Sare sozial bat: TikTok.
Irratsaio bat: Galdedebalde.
Umorista bat: Antton Telleria.



Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.