Ana Goitia Erkiaga
Komunikatzailea
Kazetaria, telebista aurkezlea, umorista, influencer-a, modan aditua... jardun ugaritan aritzen da Goitia (Lekeitio, 1981), betiere komunikazioa ardatz. Hala, komunikatzailetzat du bere burua. Telebistan eta oholtza gainean, umorezko bakarrizketa laburrak egiten ditu, eta azaroan bere lehen bakarrizketa luzea aurkeztuko du, “nire proiekturik pertsonalena”: Katana (emanaldien berri, barreman.eus gunean). Eñaut Mitxelena. Argazkia: Foku.
Katana. Izen horrekin, umore zorrotzeko bakarrizketa izango da, ezta?
Bai, bai. Denetarik dauka, baina bai, umorea zorrotza da. Betiko umorea dago, garbia, naturala, gardena, baina une zorrotzak ere baditu, nire mingaina oso zorrotza delako. Gordinki hitz egiten dut, lagun talde batean izango banintz bezala. Mingaina katana balitz bezala erabiltzen dut, katanarekin astintzera nator.
Adina, egungo musika, moda, oraingo gurasoak, matxismoa eta lodifobia izango dituzu hizpide, besteak beste. Umorea, gai serioak lantzeko.
Hori da. Umorez, pentsarazteko eta pixka bat zertan ari garen hausnartzeko. Kultura apurtxo batekin, musikarekin... Nire mezuak kulturara zabaltzen dira, eta euskal gizartera, asko.
Katana honek inor zauritzeko arriskurik badago?
Nik uste baietz. Gainera, hori ere bada asmoa: pixka bat zauritzea, konturatzeko. Ikusleak esandakoarekin ez daitezela haserretu, baina hausnar dezatela apur bat. Bai, jendea pixka bat ukituta ateratzea nahi dut. Onerako, betiere.
Denaz egin daiteke barre?
Bai, ez daukat dudarik. Halere, adimen handia behar da denari buruz barre egiteko. Ez badaukazu halakorik, hobeto gai batzuekin umorerik ez egitea, ziur ez duzula lortuko. Nire ustez, adimentsua izanez gero, umorea edozerekin egin daiteke.
Umoristen aurkako salaketak ikusi ditugu azken aldian. Garai txarrak umorearentzat?
Nire ustez, garai oso onak dira. Are hobeak euskal komedia eta umorearentzat. Gero eta gehiago egiten da, eta euskal gizarteak gero eta gehiago hartzen ditu kontuan euskal komedia eta komikoak. Euskal Herrian, pixka bat galduta egon da umorea. Musika, bertsoak... hortxe egon dira, baina euskal komedia ez, eta bere lekua hartzen hasi da, orain inoiz baino gehiago egin behar dugu. Bestalde, orain lehen baino samindu gehiago dagoela esaten da, baina normala da, lehen ez ginelako kontziente zenbait gairekin egin zitekeen minaz: broma homofoboak, arrazistak... Egun, nik uste denetariko umorea egin daitekeela, baina lehen esan bezala: adimenez.
Irainak jasan izan dituzu sareetan, batez ere lodifobiaz hitz egiten duzulako aspalditik. Katana ez ezik, ezkutua ere beharko duzu halakoak jasateko. Zer moduz daramazu?
Ongi, jada onartuta daukadalako gizartea nolakoa den eta, zoritxarrez, gorputz ez normatiboa daukagunok nola ikusten eta tratatzen gaituzten. Oso tristea da diodana, ezta? Onartuta daukat eta dagoeneko berdin zait. Tira, berdin ez. Batzuetan, gauza horiek min egiten dute, barruraino heltzen zaizkizu. Onartuta izan arren, gogorra da. Horrexegatik da beharrezkoa Katana, eta emakumeak oholtzan ikustea ere bai. Edozein motatakoak, eta gorputz ez normatiboa badute, nik bezala, hobeto. Baita adin batetik aurrerakoak ere. Jendea jabetzeko guk ere badaukagula lekua edonon bizitza honetan, ez bakarrik estandar berak betetzen dituztenek. Oso garrantzitsua da.
Generoa muga da agertokian?
Emakume gehiago behar ditugu komedian, oso gutxi ikusten ditugulako, guk ere umorea egiten badakigulako. Oraindik ere uste da emakumeok ez dakigula umorea egiten, eta hori izugarrizko matxismoa da. Telebista ikusi besterik ez dago: umorezko saioetako partaideen % 80 gizonezkoak dira. Hori aldatu beharra dago. Badakigu umorea egiten, noski, eta kasu batzuetan, agian, gizonek baino hobeto. Baita gordinki ere. Gizonezkoei horrela egiten uzten zaie, baina guri ez. Zergatik izan behar gara finak? Katanan hori erakutsi nahi dut, hain zuzen ere, ez daukadala zertan fina izan eta naizen bezalakoa naizela.
DI-DA BATEAN
Zerk alaitzen dizu eguna? Eguzkia ikusteak.
Eta tristatu? Askotan, irratia jarri eta albiste guztiak txarrak izateak.
Zerk eragiten dizu barrea? Edozerk. Oso barre arina daukat. Munduko txiste txarrenek ere kristoren barrea eragiten didate.
Eta negarra? Oso negartia naiz. Denak, oso enpatikoa naiz.
Zerk haserrarazten zaitu? Gezurrak, adibidez.
Bizio bat? Azazkalei kosk egitea.
Plazer txiki bat? Sofan jarri eta semearekin hitz egitea.
Plazer handi bat? Ezer egin gabe egotea oporretan. Nahi dudana nahi dudanean egitea, inongo ordutegirik ez beste ezer gabe.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Aktorea.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Ezingo nuke egunero ordu berean leku berean gauza bera egiten egon.
Umorista bat? Silvia Abril.
Telebista ala oholtza? Biak.
Zein da aberrazio handiagoa: galtzontzilloak bainujantziaren azpian janztea ala txankletak galtzetinekin erabiltzea? Dudarik gabe, galtzontzilloak bainujantziaren azpian.