Julio Soto
Bertsolaria

Iragan abenduan, Nafarroako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen Sotok (Iruñea, 1987), Iruñeko Anaitasuna kiroldegian 2.350 ikusleren aurrean jokatutako finalean. Hamaikagarrena izan zuen, eta irabazi duen seigarrena. Garaipena lortzeaz gain, “hasi eta buka, oso konforme” gelditu zen egindako lanarekin Gorritin bizi den iruindarra. Txapelketa osteko lehen egunetako “zurrunbiloa” igarota, plazaz plaza aritzeko irrikaz dago. Eñaut Mitxelena. Argazkia: Foku.

11 final jokatu eta 6 txapel irabazi dituzu. Erraz esaten da, baina egin...
Zaila da. 11 final lehiatzea ez da erraza. Halere, ez dut lorpen pertsonaltzat jotzen. Niri egokitu zait ingurune bat, bertso eskola bat, bertso irakasle oso on batzuk, eta 11 finaletan izateko bidea egitea ez da bakarkako lana soilik. Egia da guk bi urtean behin jokatzen dugula finala (Gipuzkoan, adibidez, lau urtean behin), beraz, halako gehiago izatea ahalbidetzen du maiztasun horrek. Baina ez da erraza.
Oso hunkituta jaso zenuen.
Bai. Ez nuen uste hala izango zenik, baina emozioak kanpora ateratzea egokitu zen eta oso pozik nago, malkoei ez nielako barruan eutsi. Azken hiru urteak oso gogorrak izan dira bertso aldetik: orain bi urte Nafarroako Txapelketa, urtebetera Euskal Herrikoa, gero berriz Nafarroakoa... Txapelketek asko nekatzen dute, batez ere alderdi emozionalean eta energiari dagokionez. Lehengoan, pentsatzen dut azken hiru urteetako emozio guztiak begietara etorri zitzaizkidala. Negar asko egin nuen, baina gustura. Oso polita izan zen arratsaldea pozezko eta lasaitasunezko malko haiekin bukatzea.
Sei txapel 2010etik. Bakoitza ezberdin sentitzen da janztean?
Txapel batetik bestera gutxienez bi urteko tartea izaten da, eta, nire kasuan, lau urte eta erdikoa. Pentsa epealdi horretan zenbat gauza gertatzen diren. Gainera, final bakoitza oso desberdina da. Final aurreko hilabeteak, finaleko arratsaldea... dena da desberdina. Gaiak, norberaren aldartea, norberaren izaera... ez dira berak izaten. Hortaz, txapel bakoitzak izerdi asko bota beharra ekartzen du berekin, baina izerdi tanta horiek beti izaten dira desberdinak, bai bertso aldetik bai emozio aldetik. Beraz, txapel bakoitzaren esanahiak eta txapel bakoitza janzteko unea oso desberdinak dira.
2006an jokatu zenuen lehen finala, Elizondoko Lur aretoan, 700 bat lagunen aurrean. Oraingoan, Iruñeko Anaitasunan, inoizko finalik jendetsuena izan da. Bada aldea.
Pentsa, ordutik hona ia 2.000 laguneko aldea dago. Hazkuntza hori guztia oholtzatik bizi izateko zorte handia izan dut. Bi aldaketa nagusi gertatu dira Nafarroan. Oholtza gainekoa, bertso maila izugarri areagotu delako. Nafarroan beti izan dira bertsolari oso onak, baina kopuru aldetik orain bezainbeste ez dela sekula izan esango nuke. Ezta hain gazteak ere. Horrez gain, oso nabarmentzekoa iruditzen zait oholtzan Iruñerriko beste bi bertsolari ere egon izana, eta Leitzako Illarregi anaiek mailari dagokionez ekarritako salto izugarria ere bai. Osagai horiek guztiek eragin dute, beste bertsolari batzuekin batera, noski, ikusle kopurua handitzea. Finalean, Nafarroako bertsogintza loraldi betean dagoela esan nuen, eta orain ere berdin pentsatzen dut. Pozik egoteko moduan gaude, orain gure erronka Nafarroan bertso saio kopurua pixka bat bizitzea da.
Azken agurrean, gizakiarengan sinetsi nahi duzula zenion. Hain gaizki ikusten duzu, ala alderantziz, esperantzarekin?
Gizakiok gizakiari, ondoan dugunari, eta munduari, naturari, egiten dieguna nahiko kezkagarria zait. Horregatik nahi izan nion gu garen gizakiari kantatu. Nahiz eta egoera ez izan oso itxaropentsua, mezu positibo horrekin, behintzat, bukatu nahi nuen: izan dezagun fedea gugan, eta geuk okertu badugu hau, guk geuk eman beharko diogu buelta. Eman diezaiokegula uste dut.
Txapelketa gustura amaituko zenuen, baina plazari heltzeko gogoz?
Bai, irrikan. Beti izan dut plazan kantatzeko gogoa, baina bereziki azken Euskal Herriko txapelketatik hona plazan nahiko aldarte onez eta kanturako gogoz aurkitu dut neure burua, eta orain, txapelketa aldi hau pasatuta bi urteko tartea dugun honetan, gogotsu nago hobetzen segitzeko eta txapelketetarako egindako lan hori guztia astebururo agertzeko. Bertsotan ongi ez da txapelketetan bakarrik egin behar, gure % 100 astebururoko saioetan ere eman behar dugu.

DI-DA BATEAN:

Zerk alaitzen dizu eguna?
Presente egoteak.
Eta tristatu?
Buruaren mende egoteak.
Zerk eragiten dizu barrea?
Haurrek.
Eta negarra?
Munduak.
Zerk haserrarazten zaitu?
Gezurrak.
Bizio bat?
Behorrak.
Plazer txiki bat?
Txokolatea.
Plazer handi bat?
Zinema.
Zer izan nahi zenuen txikitan?
Pilotaria.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi?
Ez dakit zer esan.
Txapelketak ala plazak?
Biak.
Plaza bat?
Asko.
Iraganeko bertsolari bat?
Xalbador.
Gaur egungo bertsolari bat?
Iker Zubeldia.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.