Joanes Echeveste
Pontx pailazoa
Txikitatik izan nahi zuen pailazo, eta txikitatik da pailazo Echeveste (Sara, 2005): 11 urterekin sortu zuen Pontx. 2023an Gelara! ikuskizunarekin oihartzun handia lortu ostean, iazko azaroan estreinatu zuen Pontxen hirugarren lana, Denak plazara, baita izen bereko diskoa argitaratu ere. Gainera, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen azken emankizunean dabil lanean. Oholtzatik oholtzara ez dabilenean, irakasle aritzen da AEKn, Saran. Eñaut Mitxelena.
WhatsAppeko zure profilean: Ez naizela oso normala diote... Pailazoa izateko, ezin normala izan?
Zer da normala izatea? Hori da galdera. Ni pertsona nahiko xelebrea naiz; umorea maite dut, besta, lagunekin egotea, eta saltsa askotan sartzen naiz. Askotan erraten dizkidate “Ez zara normala!”, “Ideia hori zoroa da!” eta halakoak. Beraz, nire saltsa egiten dut.
Pertsona normala ez, agian; pailazo normala bai?
Bai, pailazo normala bai. Umorea maite duena, txisteak egiten dituena, haserretu ere egiten dena, emozioak borborrean dituena, ziria sartzea oso gustuko duena, gezurrak erratea, ironikoa...
Joanes eta Pontx. Zer ematen dio batak besteari?
Pontxek Joanesi askatasuna, dudarik gabe. Pontxekin ari naizenean, oso lasai sentitzen naiz, aske, gauzak egiteko eta errateko orduan askotan ez dut bi aldiz pentsatzen. Eta Joanesek Pontxi... neuk gorpuzten dut, beraz, moldea, ahotsa eta beste ematen dizkiot. Elkar osatzen dute. Joanesek baditu Pontxen izaera batzuk umorea egiteko, pentsamendu batzuk emateko edo gezur batzuk esateko, betiere bihurriak badira.