Nerea Arruti
Herri kirolaria

Crossfit-ean aritzen zen baina, 2022an herri kiroletan hasi, eta lehiatutako dena irabazi zuen Arrutik (Urnieta, 1990). Besteak beste, Euskal Pentatloia binaka (Amalur Arbelaitzekin) eta banaka; Urrezko Aizkora txapelketan binakakoa (Nerea Sorondorekin) eta banakakoa; eta Euskal Herriko eta Gipuzkoako Aizkolari Txapelketak. Gaztetan judoan aritu zen, maila onean. Ingeniaria da, produkzio arduraduna enpresa batean. Eñaut Mitxelena. Argazkia: Foku.

Iaz herri kiroletan hasi, eta jokatutako guztia irabazi zenuen. Espero al zenuen?
Ez. Hasi nintzenean, lan polita egitea pentsatzen nuen, baina, berez, ez nengoen ziur txapelaren bat irabaziko ote nuen. Pentatloian, txapela lortzea espero ez, agian, baina aizkoran baino paper hobea egitea, behintzat, bai. Azkenean, aizkoran hobeto ibili naiz eta txapelak lortu ditut.

Judoan ere ibili zinen, emaitza onekin. Orain, herri kiroletan, berdin. Kirolari amorratua edo oso-oso lehiakorra?
Esango nuke gehiago naizela lehiakorra. Ahalegin handiak egin behar dituzu edozein txapel lortzeko, baina oso lehiakorra naiz.
Zerk erakarri zintuen herri kiroletatik?
Betidanik ikusi izan ditut gurasoekin. Halere, banuen nolabaiteko beldurra. Ez dago gaizki ikusia, baina beste kirol batzuetatik nator eta guztiz kontrakoa zen. Herri kirolak gure kirolak izan arren, ez dira hainbeste entzuten. Orduan, nesken pentatloia ikusi nuenean, pentsatu nuen: “Bost modalitatetan horrela ibiltzeko, sekulako kirolaria izan behar duzu, eta probatu nahi dut”. Erakartzen ninduen. Horrela hasi nintzen, pixkanaka. Ondoren, Gipuzkoako Herri Kirol Federaziokoak gimnasiora etorri ziren eskola batzuk ematera, eta hortik ekin nion. Behin hasita, beldurra kendu nuen.
Eskolak zein diziplinatakoak ziren?
Harria, txingak, lokotx bilketa... pixka bat erakustera etorri ziren. Harriarekin hasi nintzen, indarra daukat eta. Probatzen hasi, eta Amalur Arbelaitzekin egin nuen topo. Pentatloia egingo zuela esan zidan, eta joateko berarekin aizkoran proba egitera.

Aizkoratik zerk harrapatzen zaitu?
Aizkora oso teknikoa da. Hau da, izan zaitezke oso indartsua, sasoi betean egon eta fisikoki oso ongi ibili, baina beste zerbait ere behar duzu. Beste kirol batzuetan jardun ondoren, badaukat fisikoa edo oinarria; dena den, asko daukat hobetzeko, teknikoki asko hobetu behar dut. Bai, aizkorak badauka zerbait, ez dakit zer demontre den, asko erakartzen zaituena. Agian, beti daukazula hobetzeko puntu hori. Horixe gustatzen zait niri asko: kirolean edo egiten duzun horretan ahalik eta onena izatea.

Aizkora, harria, giza proba, txingak eta korrika. Bat hautatu beharko bazenu, zein?
Aizkora.
Crossfit-etik zatoz. Baliagarria izan da herri kiroletarako?
Bai. Crossfit-ean, adibidez, indarra asko lantzen duzu, kaxa ere bai... Horrek izugarri laguntzen dizu probetan eta. Pentatloian proba motzak eta jarraian izaten direnez, crossfit-eko WODak (Work of the Day) bezalakoak izan daitezke: bata bestearen atzetik egiten diren hainbat ariketa mota. Antzekotasun hori daukate.
Crossfit-a oso modan dago. Zer du hainbeste jende erakartzeko?
Edozeinek egiteko moduko kirola dela. Hainbat maila daude, pisua eta mugitzen dituzun kiloak zure gorputzaren edo gaitasunaren araberakoak dira, eta fisikoa asko lantzen da. Beti dauzkazu ariketa ezberdinak, beti ari zara aldatzen, eta hori oso erakargarria da jendearentzat.
Herri kiroletara jende mordoa etortzen ari da, asko crossfit mundutik. Gimnasioetan boladan dago?
Nik uste baietz, gero eta jende gehiago dagoela. Aizkoran ere, aurten, igual beste lau bat izango gara. Horrek erakusten du jendea animatzen ari dela. Harriarekin eta, berdin... Pentsatzen dut oraingo jendeak beste ikuspuntu bat daukala herri kirolei buruz, eta baliteke horrek jende gehiago ekartzea.

DIDA BATEAN

Zerk alaitzen dizu eguna? Goizetan nire txakurrak ikusteak.
Eta tristatu? Eguraldi honek, asko [denborale betean gaudela erantzun du].
Zerk eragiten dizu barrea? Txisteren batek.
Eta negarra? Ez naiz negar egitekoa, baina gauzak gaizki ateratzeak.
Zerk haserrearazten zaitu? Gauza askok! Laneko arazoek, adibidez.
Zerk harritzen zaitu? Urtebetean egin dudan guztiak.
Bizio bat: gozozale amorratua naiz.
Plazer bat: jatea.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Albaitaria.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Albaitaria.
Kirol bat? Aizkora.
Lehiakide bat? Nerea Sorondo.
Orain arte probatu ez duzun zein kirol probatuko zenuke gustura? Asko probatu ditut. Pala.
Kirolik gabeko egun batean, zer? Gaizki sentitzen naiz, zer edo zer egin beharra dut. Paseoren bat, gutxienez, bai.
Gimnasioa ala plaza? Plaza.

 



Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.