Haizea Martiartu

Musikaria

Beste zenbait musika tresna jotzen baditu ere, saxofoia du tresna nagusi Martiartuk (Markina-Xemein, 1991): “Ni, berez, saxofoi-jotzailea naiz”. Zortzi urterekin hasi zen saxoa jotzen, eta herriko musika bandan ere ibili zen; 18 urterekin, Bartzelonara joan zen musika ikasketak egitera. Kataluniako Goi Mailako Musika Eskolan ikasi zuen, jazz espezialitatea. Katalunian bizi da, musika eskolak ematen ditu eta egitasmo ugaritan parte hartu: hainbat taldetan jo, kolaborazioak egin, konposizioak sortu... Estreinako diskoa kaleratu du: Folketik Jazzera Ensemble (Errabal Jazz, 2020). 9 musikariz osaturiko taldeak euskal kantagintzako sei abesti klasikoren jazz bertsioak bildu ditu, baita Martiartuk berak konposaturiko kanta bi ere.

Haizea. Izen horrekin, haize instrumentua jo behar ezinbestean...

Pentsatu baino jende gehiagok esaten dit. Bada, bai, gurasoek erabaki ona hartu zuten, kar-kar! Egia esan, izena gustuko dut, nahiko poetikoa dela uste dut.

Diskoan, sustraietara jo duzu. Herriminaakaso?

Bai, erabat! Portugesez, saudade. Ez nuen espero. Gaztaroa Markinan pasatu nuen, herri oso euskaldunean, eta beti sentitu nintzen kanpora begira dagoen pertsona baten moduan. Bertakoari balioa ematen nion, baina bizitzako beste memento batean nengoen. Gehien erakartzen ninduten gauzak kanpokoak ziren. Neurri batean, horregatik joan nintzen Bartzelonara. Bitxia da: ia 10 urte joan zirenean sortu zitzaidan herrimina. Sorpresa izan zen. Bat-batean, etxera bueltatzeko gogoa zuen halako ume bat topatu nuen nire barruan. Uste dut heldutasunaren ondorio bat edo dela.

AldapekoTxoria txoriAita-semeak... Zeren arabera aukeratu dituzu kantuak?

Nahiko aukeraketa pertsonala izan zen. Gaztetan inguratu ninduten kantak dira. Bestalde, konposatzeko eta moldaketak egiteko, teknika eta arau batzuk jarraitu behar dira, eta kantuak moldatzeko erraztasun batzuk izan zitzaten hautatu nituen. Finean, niretzat, moldatzeko errazak ziren, eta iradokitzaileak.

Bi kantu, Bazterrak eta Uda-barri, zuk zeuk konposatu dituzu. Zergatik bi horiek?

Nire lehen diskoa zenez, konposizio propioren bat egiteko gogoa ere banuen. Kontserbatorioko ikasketak amaitzen ari nintzen garaikoak dira. Nahiz eta bi kanta hauek moldaketak izan ez, euskal musikak nire konposizioetan eragin handia duela konturatu nintzen. Horrexegatik erabaki nuen horrelako proiektua egitea. Berez, kanta bi hauei esker ohartu nintzen moldaketa batzuk egitea ideia ona izango zela.

Guztiz askea izan zara.

Bai. Izan ere, diskoa askatasunetik sortua da. Moldaketak egin arren, kanta biak oso bereziak ditut. Nire bizitzako une berezi batean konposatu nituen, eta, gainera, euskal musikaren eragina zutela jabetu nintzen, eragin oso sotila. Esaterako, biak daude konposatuta 5/8ko neurrian. Gaztetan, Markinako bandan jo nuen, eta eragin handia izan zuen niregan. Hain justu, zortzikoak eta jotzen genituen, eta askok 5/8ko erritmoa zuten. Sorpresa handia izan zen kanta berriak idazten hasi eta euskal kantuen eragina zeukatela ikustea. Guztiz logikoa da. Bitxia, aldi berean: urte asko Bartzelonan emanda ere, azkenean barruan daukazunak eta gaztetatik entzun izan duzunak sekulako eragina dauka. Zein polita den hori!

Ba al da jazzarekin uztargarria ez den estilorik?

Nire ustez, ez. Jazz musikari mitiko bati irakurri nion jazzak munduko edozein estilo besarkatzen duela, nahasteko oso erraza dela. Egia da. Jazza beti izan da oso estilo librea, oso abegikorra beste estiloekin. Nahiz eta teoria eta arau asko eduki, filosofikoki oso librea da. Hortaz, beti izan da munduko musika tradizionalekin batzeko ohitura. Jazza, berez, fusioa da, izaera hori du. Horrez gain, garrantzitsua da aipatzea euskal musika tradizionala edo folka (ez dira gauza bera) jazzarekin aspalditik uztartu duten musikari paregabe asko ditugula Euskal Herrian, Iñaki Salvador, kasurako.

Hainbat estilo jorratzen dituzu, baina bat aukeratzekotan, jazza?

Bai. Jazz estiloa oso zabala da. Nire ikasketak jazz espezialitatekoak direnez, teorikoki edo kontzeptualki nire begiradan jazzaren lengoaia da nagusi, beharbada. Jazza ikasi izanaren ondorio da ni pertsona edo musikari polifazetikoa izatea. Hori da musika estilo honen abantaila garrantzitsuena. Beraz, neure burua zelan definituko nukeen... estilo asko gustatzen zaizkit. Zenbat eta gauza ezberdinagoak jo, orduan eta hobeto pasatzen dut. Halere, oinarrian, jazzak eragin handia izan du, jakina.

Zer ematen dizu jazzak?

Gose handia, oraingoz, kar-kar! Ez, txantxa da. Oso topikoa da, baina askatasuna ematen didala esango nuke, zentzu askotan. Teorikoki aztertuta,oso estilo askea da, beste musika batzuekin bat egiteko aukera ugari ematen dizkizuna, musikari anitzekin jotzeko, inprobisazio aldetik ere bai... Bai arlo teorikoan bai praktikoan, jotzen gustura nagoenean aske sentitzen naiz. Aske eta oso inspiratuta. Niretzat, jazza askatasuna eta inspirazioa da, baita askatasun mentala ere. Zentzu askotan, aurreiritzi asko apurtzen ditu.

Hemen, jazz jaialdi sonatuak bai, baina hortik kanpo publikoak erreparatzen al dio jazzari?

Bitxia da, jazzaldi oso indartsuak direlako, gainera. Azpiegitura sendoa dute atzean. Uste dut batzuetan, eta ez bakarrik Euskal Herrian, hortxe geratzen dela dena, hiruzpalau jaialdi mitiko horietan. Euskal Herrian, musikari asko daude jotzeko gogo handiz, eta interesgarria izango litzateke tokiko agertokiak eta kontzertu txikixeagoak pixka bat babestea, emanaldiak urte osoan eskain daitezen. Hau da, jaialdi horiek izugarriak dira, eta oso ongi; baina ona litzateke, halaber, urte osoan hurbileko kontzertuak eta halakoak sustatzea. Gertukoago agertokia egotea. Sarri, jaialdi handi horietara nazioarteko artistak ekartzen dira; ez dugu ahaztu behar, ordea, Euskal Herrian badagoela harrobi ederra. Hori ere babestu egin behar da, eta, beharbada, kontzertuetara urte osoan joateko ohitura sortu.

Egoera ez da ona, baina gogoz egongo zarete mugitzeko.

Bai, bai. Ez da erraz mugitzeko proiektua. Oso gogotsu gabiltza. Loraldiak eman zigun diskoa aurkezteko aukera, eta niretzat ezin hobea izan zen. Gainera, pandemian gaudela jakinda... bizitzan egin dudan kontzerturik bereziena izan dela esango nuke. Asko egin ditut, baina nire diskoa Arriaga Antzokian aurkeztea, pandemia garaian, gainera... Kontuan eduki behar da guk azkenaldian ia ez dugula kontzerturik egin, beraz, bat egiteak sekulako ilusioa sortzen du. Gainera, egun hartan nire urtebetetzea izan zen. Itzela izan zen, oso ederra.

DI-DA BATEAN

Zerk alaitzen dizu eguna? Musikak.

Eta tristatu? Egoera honek, pandemiak.

Zerk eragiten dizu barrea? Lagunek.

Eta negarra? Musikak, halaber.

Zerk haserrearazten zaitu? Politikari askok.

Bizio bat? Garagardoa.

Zer izan nahi zenuen txikitan? Marrazkilaria.

Eta orain, zer ez duzu izan nahi? Motibaziorik gabe edo aspertuta bizi den norbait.

Musikari bat: Charlie Parker.

Pieza bat: Darn That Dream. Balada hau oso gustuko izan dut beti.

Non joko zenuke gustura? Euskal Herriko jazz jaialdiren batean. Asko gustatuko litzaidake.



Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.