Andoni Ollokiegi
Musikaria

Herri eta auzoetako jaietan oso ohikoa da Andoni Ollokiegi (Pasai Donibane, 1992) ikustea. Bakarkako emanaldietan, umorea lagun, euskal abesti ezagunak bata bestearen segidan kateatzen ditu. Olloki izenarekin, berriz, musika taldearekin batera bere kantuak plazaratzen ditu. Bi disko ere baditu Ollokik: Alienatuta (2024) eta Bekataria (2023). El quinto con tenedor taldearekin ere ibili izan da heavy bertsioak egiten. Eñaut Mitxelena. Argazkia: Eñaut Mitxelena.

Badatoz herri eta auzoetako jaiak. Zu baino emanaldi gehiago duen artistarik, gutxi.
Orain gutxiago egiten saiatzen ari naiz, baina kalitate hobekoak. Gizakiak gara, ez makinak; ondorioz, gutxixeago eskaintzen saiatzen naiz, baita ni gusturago egoten ere. Izan ere, aurreko bi urteetan estresagarria ere bihurtu zen. Deitzen didatenei esaten diet nik ere denbora behar dudala, eta opor egunen bat edo beste ere bai ahotsa berreskuratzeko. Konplikatua da. Halere, kontzertu piloa ateratzen zaizkit.

Andoni Ollokiegik, bakarka, ala Ollokik, taldearekin, nork emanaldi gehiago?
Andoni Ollokiegik, jendeak dagoeneko ikusi duelako funtzionatzen duen formula dela eta hori nahi izaten duelako. Olloki esperimentazioa da, artistikoagoa, nire abesti propioak entzuteko. Lehena segurua da, horretatik bizi naiz; hortaz, oreka pixka bat mantentzen ahalegintzen naiz. Egunen batean, igual Ollokik emango du bere fruitua, ez dakit.

Sekulako abesti jarioa duzu. Nola deitu estilo horri?
Euskal folklorea izango litzateke, ezta? Egiten dudan showa nahiko ezaguna da eta jendeak badaki zer espero: abesti herrikoiak bata bestearen atzetik. Urteekin hobetu dudan formula da, eta dagoeneko zeitgeist-aren zatitxo bilakatu da. Halako batean, beharbada, sorpresaren bat emango diet eta beste zerbait jotzen hasiko naiz: Camilo Sesto edo... Auskalo, gerta daiteke!

Zenbat denbora egon zaitezke oholtzan etenik gabe abesten?
Gehienez lau orduz egon naiz, Iruñeko Arrosadia auzoan. Taldearekin batera, baina atsedenik gabe izan zen. Dena dela, showa bi ordukoa izan ohi da. Hori bai, bi ordu horietan den-dena ematen dut.

Zein da zure arrakastaren gakoa?
Nire ustez, abesti ezagunak egiteak zerikusia dauka. Horrez gain, nireak badauka inprobisazio kutsua eta jendea, igual, harritu egiten da, hasi nintzenean gauza berria baitzen Euskal Herrian. Jendearekin sortzen den konexioa hortik dator askotan, nik uste. Gainera, ikusleek ez dakite zein abesti izango den hurrengoa, eta horrela ere harritzen dira. Nire trikimailu eta zilipurdiak ere baditut: gitarra lepo gainean jarri eta... Nolabaiteko bardo rock-izarra naiz, bardoaren eta rock-izarraren arteko pertsonaia hori. Hor betetzen dut nire rola hobekien.

Musikaria, rockeroa, euskalduna. Horrela definitzen duzu zeure burua. Halere, estilo ezberdinak jorratzea gustuko duzu.
Bai. Nire talde gogokoenetakoa Queen da; rock taldea bazen ere, nahi zuena egiten zuen. Beraz, nik ere nahi dudana egingo dut: musika elektronikoko abesti bat, reggaetoia, reggaea, pasodoblea... Egiten ez ditudan gauzak probatu nahi ditut. Dibertigarria da, gauza berriekin bustitzen zarelako. Abestia ongi egon dadin saiatu behar zara, zuri gustatzea eta funtzionatzea. Ondoren, estiloari dagokionez, zeure burua ez baduzu mugatzen, ez da hainbesterako. Abestia ona bada, pozik egon zaitezke.
Musikatik bizitzea zen zure ametsa. Bizi zara, ezta?
Bai. Orain, helburu handiagoa dut: nire musika ezagutzera ematea. Hori zailagoa da. Euskal Herrian, gaur egun, lauzpabost talde handi (eta on) daude hor goian, botilaren tapoi moduan, eta edozein talde berriri kosta egiten zaio igotzea. Eszena bat mantendu nahi baduzu, eta talde batek monopolioa hartzen badu, zaila da oso. Gainera, garai bateko gaztetxe sarea desagertzen ari da, eta bertan talde ertain asko ibiltzen dira. Hala, gaur egungo gazte gehienek ez dute euskal musikarik entzuten. Euskarazko musika gehiago zentratu da nostalgiaren esplotazioan (nik egiten dudana!), edo haur txikiengan, familia osoa erakartzeko. Nire ustez, hortxe dago euskarazko musikaren zailtasun edo erronketako bat: gazteentzat erakargarria izatea berriro. Zerikusia ere badu musika kontsumitzeko eta egiteko ohiturak nola aldatu diren. Dena dela, alde on bat ere nabarmendu behar da: gero eta emakume gehiago ari dira euskaraz musika egiten. Hala ere, talde handietan gizonezkoak dira nagusi. Hor ikusten da argi eta garbi oraindik ere gehiago egin daitekeela.
2023an diskoa, 2024an ere bai. Aurten?
Aurten atseden hartuko dut. Bat grabatzen ari naiz, baina aurrerago argitaratuko dut. Konturatu naiz jendeak jada ez duela diskoa urtero ateratzen, baizik eta bi urterik behin. Eta produkzioa txikiagoa dela. Hortaz, ni ere industriaren estandarretan sartuko naiz. Gainera, denbora gehiago izanez gero, abestia perfekzionatzea lortzen duzu. Aurrekoa presaka egin nuen, eta nahiko ongi atera zen, hala ere; baina oraingoan lasai egin eta datorren urtean plazaratuko dut zerbait txukuna. 

DI-DA BATEAN

Zerk alaitzen dizu eguna? Jam session batek.
Eta tristatu? Palestinako gatazkak.
Zerk eragiten dizu barrea? Monty Python-ek, adibidez. Eta Marx anaiek ere bai.
Eta negarra? Coco filmak.
Zerk haserrearazten zaitu? Gaztetxeak ixteak.
Bizio bat? Jatea.
Plazer txiki bat? Plastikozko burbuilak lehertzea.
Plazer handi bat? Lagunekin elkartzea.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Paleontologoa.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Faxista.
Musika talde bat: Euskalduna esango dut: Itoiz.
Plaza bat: Donostiako Trinitate plaza.
Ikusitako kontzertu bat: Bea Asurmendi Tabakaleran.
Abesti bat: Judas Priest-en The Sentinel.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.