Gorka Ortiz de Urbina
Zeledon ohia
Datorren abuztuaren 4an, 18:00etan, Ortiz de Urbina (Gasteiz, 1971) arropa arrunta jantzita egongo da. Ez da ohikoa. 2001etik 2023ra, 21 aldiz ia jarraian gorpuztu du Zeledon, Gasteizko Jaien hasierako protagonista (2020an eta 2021ean, ez zen Zeledonen jaitsierarik ospatu, pandemiagatik). Aurten, Iñaki Kerejazuri utzi dizkio aterkia, blusa eta zahatoa; hala ere, Kerejazu plazara atera aurreko tartean, haren ondoan egongo da. Jon Rejado. Argazkia: Jon Rejado.
Abuztuaren 4rako plana baduzu dagoeneko, libreago egongo zarela eta?
Libre, libre… Ez dut plaza zeharkatuko, baina hezur-haragizko Zeledon ateratzen den tokian egongo naiz. 2001ean, Iñaki Landa, aurreko Zeledon, ondoan izan nuen babesa eskaintzen; gauza bera egingo dut nik Iñaki Kerejazurekin.
Txupinazoaren eztanda entzuten duzunean barruak mugituko zaizkizu?
Ez dakit. Momentu oso polita da. Iñaki Landa ondoan izan nuen plaza zeharkatu aurreko urte ia-ia guztietan, eta begiratzen nionean lasaitasuna ematen zidan. “Animo, mutil, aurrera!” esaten zidan eta plazara ateratzen nintzen. Iñaki Kerejazu oso prestatuta ikusten dut, baina, hala ere, lasaitasun hori eskaini nahi diot.
Iñaki Landa aipatu duzu. Belaunaldi askorentzat ikonoa izandako pertsona ordezkatzea ez zen erraza izango...
Jose Luis Isasi, Zeledon irudikatu zuen lehen pertsona, ikonoa izan zen belaunaldi batzuentzat. Iñaki Landa zer esanik ez; bera da Zeledon niretzat, eta beste askorentzat ere bai. Gaur egun ere, batzuek Iñaki esaten didate kalean ikustean, pentsa!
Eta zu hainbat belaunaldirentzat izango zara Zeledon. Beharbada, Kerejazuri Gorka esango diote...
Zeinek daki! Berak bere bidea egingo du, eta seguru bikain egingo duela.
Aholkurik eman al diozu?
Bai, baina hori gure artean geratuko da.
29 urterekin gorpuztu zenuen lehen aldiz Gasteizko Jaien hasierako protagonista. Azkenengo aldian, 52 zenituen. Asko aldatu zara?
Bai, noski. Eskarmentuak eta adinak asko erakusten dizute, maila askotan, baita hitzak neurtzen ere. 2001ean, neska-laguna nuen, eta orain bi seme ditut, Urko eta Unax. Zaharrenak 17 urte ditu, eta Zeledon plazan zehar eramaten lagundu nahi duela esan dit. 29 urteko Gorkak zera esango lioke: “Bai, noski!”. Gaur egun, baina, 18 urte bete arte itxaroteko esan diot.
Hitzak neurtzea aipatu duzula, San Migelgo balkoian gauza askori buruz hitz egin duzu.
Bai, eta mezuaren garrantzia gogoan izan dut beti. Alaves eta Baskoniari buruzko mezuak bai, baina beste batzuk ere bai. Mezu zehatzak, laburrak eta tinkoak. Euskararen alde, emakumeenganako indarkeriaren kontra… Halako mezuetan irmoak izan behar dugula argi dut.
Asko aldatu al da plaza barruko giroa lehen alditik?
Kortxoak eta kristalak desagertu egin dira, jendearen jokabidea txukunagoa da… Gauzak asko hobetu dira, baina are hobeto egin daitezke. Pandemiaren osteko Zeledonen jaitsieran, bagenuen kezka puntu bat, ea zer gertatuko zen, baina polit baino politagoa izan zen, baita iaz ere.
Zer eman dizu Zeledonek?
Gauza asko, hil arte izango dut nirekin. Pertsonaia hurbila da. Jendea hitz egitera gerturatzen zaizu, beti irribarrez eta errespetu handiz.
Zer edo zer kendu dizu?
Familiarekin egoteko denbora. Lanean, txanda egunak hartzeko malabarismoak egin behar izan ditut; egun horiek berreskuratzeko, familiari kendu diot denbora.
Eta zer eman diozu?
Denbora asko (barrez dio). Baina ez da lana izan, baizik eta zorte ona ardura hori hartzea.
DI-DA BATEAN
Zerk alaitzen dizu eguna?
Familiak.
Eta tristatu?
Gauzak gaizki ikusteak.
Zer eragiten dizu barrea?
Bakarrizketak gustuko ditut.
Eta negarra?
Palestinan gertatzen ari denak.
Zerk haserrarazten zaitu?
Aurreko galderaren erantzun bera.
Bizio bat?
Jatea.
Plazer txiki bat?
Txakurrekin paseatzea.
Eta plazer handi bat?
Bidaiatzea.
Zer izan nahi zenuen txikitan?
Uste dut suhiltzailea izan nahi nuela.
Zer ez zenuke izan nahi?
Ufa… zaila esatea. Politikaria, agian?
Gasteizkoak ez diren jai batzuk?
Iruñekoak.
Euria ari duenean…
Aterkirik gabe.
San Migelgo balkoitik zer geratu zaizu oihukatzeke?
(Barrez) Politikoki zuzenak ez diren gauza asko, urtean zehar ikusitakoak.
Jaietako leku bat?
Aihotz plazak zerbait berezia du.