Ane Elordi Alburquerque
Korrika arduraduna

Korrikaren aurpegia izango da aurrerantzean Elordi (Zornotza, 1991), Asier Amondoren lekukoa hartu baitu Korrika arduradun gisa. Kazetaritza lizentziaduna, 2015etik dabil AEKn. Arratiako AEKn irakasle, barnetegietan ere lan egin izan du, baita berbalagun egitasmoan eta AEKren komunikazio taldean ere. Korrika bera ere ondo ezagutzen du, kanpotik zein barrutik. Besteak beste, 21. Korrikan furgoneta kidea izan zen, eta 22.ean, berriz, komunikazio taldeko kidea. Eñaut Mitxelena. 

Zer sentitu zenuen hemendik aurrera Korrikaren koordinatzailea izango zinela jakitean?
Alde batetik, poza, AEKideek, lankideek, emandako konfiantzarengatik. Gustura. Beste alde batetik, bertigoa.
Korrika iristean urduritasuna sentitu ohi da. Eta antolatzean?
Baita. Oso gauza gutxik sortzen dute Korrikak sortzen duena. Zure herritik pasatzen denean, edo furgoneta eta lekukoa ikusten dituzunean... Niri korapiloa sortzen dit sabelean, eta, sarritan, ezin izaten dut ezta hitz egin ere. Korrika lasterketa bera baino askoz gehiago da. Hortaz, zirrara hori beste gauza batzuekin ere lortzen saiatuko gara.

Korrikaren aurpegia izango zara, baina Korrikaren antolakuntza auzolan erraldoia da, ezta?
Bai. AEKide guztiok eta herritar asko barik, Korrika ez litzateke posible izango. AEKz gain, badago hor sare itzela Korrikaren antolaketa lanetan laguntzen duena. Gu, azkenean, hautatu batzuk gara, eta horretan egoteko ohorea daukagu, baina guk bakarrik ez dugu ezer egingo, hori argi dago.

Zer da Korrika zuretzat?
Ufa! Ez dakit zelan azaldu. Lehen esan bezala, zer edo zer zirraragarria, berezia, bi urtetik behin gure bizimodua aldatzen duena. Beti gabiltza egutegian noiz etorriko den begira, noiz ez, ongi datorkigun ala ez... Nire ustez, kolore, iritzi eta pentsamolde desberdin asko elkartzen dituen Euskal Herriko egitasmo bakarrenetakoa da. Horren parte izatea eta horren antolaketan ibiltzea ohorea da.

Aurrera begira, zein dira Korrikaren erronkak?
Korrika eta Korrikaren eragin hori, poztasun hori, euskararen aldeko jarrera hori, ez daitezela 10 eguneko kontu hutsean geratu. Hau da, alde egotetik egitera pasatzea. Erabileraren datuak, azkenaldian, negargarriak dira. Hortaz, ea horretan ere eragiten den.

Nola bideratu Korrikak bi urtean behin sortzen duen energia hori?
Korrika amaitu, eta hurrengo egunean zer pasatzen da? Korrika bi urtetik behin egiten dugu, baina, agian, gure lana izan behar da jendarteari hor mantentzen dugula erakustea. Hori gure esku dago. Orain Euskaraldia ere badugu, eta horretan eragiteko balio izango du.
Herritarrak ez ezik, azken edizioetan erakundeen ordezkariak ere batu ditu Korrikak errepidean. Gauzatuko al dira errepidean ikusten direnak?
Santiago zubian egin zen argazkia, Bastidakoa... ez daitezela izan irudiak eta kito. Argazkitik harago, benetan heldu behar zaio horri. Eman diezaiogun jarraitutasuna Korrikak lortzen duen horri, hainbeste erakunde, elkarte, ideologia eta kolore biltzeari.
Arratiako Harriti andra proba taldean zabiltza. Emakume proban, indarra baino, elkarlana omen gakoa. Korrikarako irakasgaiak atera al daitezke?
Bai. Gurea 8 laguneko taldea da. Indarra beharrezkoa da, bai; agian, baina, elkarlana, koordinazioa, da kontua. Korrika hain esparru zabala izanik, gurean ere koordinazioa beharrezkoa da. Guztia koordinatzea, horixe da gakoa.
23. Korrika 2024an izango da. Urruti ala gertu ikusten duzu?
Egutegiari begira, oso urrun dagoela dirudi, baina ez hainbeste. Gu dagoeneko hari begira lanean ari gara, ematen du Korrika ez dugula inoiz baztertzen, beti dago gurekin. Eta bai, bat amaitu da, baina badator hurrengoa. Konturatu orduko, Korrikan ibiliko gara!

DI-DA BATEAN

Zerk alaitzen dizu eguna? Kafeak.
Eta tristatu? Albistegiek. Dena zorigaitza...
Zerk eragiten dizu barrea? Lagunek.
Eta negarra? Gauza askok, oso negartia naiz. Korrikak berak, zirrararen zirraraz.
Zerk haserrearazten zaitu? Puntualtasun ezak, adibidez.
Bizio bat: Kafea.
Plazer txiki bat: Garraio publikoan irakurtzea.
Eta sekulako plazer bat? Egun osoa mendian ematea.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Ez dut akordurik, ez dakit.
Zein da Korrikaren zure lehen oroitzapena? Ez dakit zenbatgarren Korrikan, dantza taldeko kilometroa genuen, gauez. Biharamunean, azterketa genuen eskolan, eta lasterketa ordubete berandu iritsi zen. Orduan ez zegoen sakelakorik, jakina. Euria bota zuen, eta han geunden zain, taberna batean, Cola Cao edaten...
Lekukoa eraman al duzu inoiz? Bai. Dantza taldearekin hainbat aldiz, eta 21.enean euskaltegiak kilometro bat hartu zuen.
Korrika egiteko, txandala, galtza elastikoak ala bestelakorik? Galtza elastikoak eta, garrantzitsuena, kirol oinetakoak.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.