Amaia Ruiz
Unibertsitateko ikaslea
Korrikak sortzen dituen emozio ugari eta askotarikoak izan ditu aztergai Ruizek (Ortuella, 2002) Mondragon Unibertsitatean egindako gradu amaierako lanean: Herria harro. Emozioen garrantzia euskal kulturaren transmisioan: 23. Korrikaren kasua. Horretarako, 900 laguni baino gehiagori inkestak egiteaz gain, 23. Korrikari furgonetatik jarraitu zion 11 egunetan. Eñaut Mitxelena. Argazkia: Korrika.
Zein da lanaren ondorio nagusia?
Ondorio piloa dago, baina nagusia da Korrikak hainbeste urtez irauteko elementurik garrantzitsuenetakoa emozioen kontua dela. Hainbat osagai garrantzitsu baditu ere, emozioek eragiten dute jendeak bertan parte hartzeko gogoa izatea eta irauten duen egunetan jendea denak emanda ibiltzea.
Zer-nolako emozioak azaleratzen dira Korrikan?
Gehienbat, positiboak: poztasuna, irribarre egiteko gura, urduritasuna, harrotasuna... Zenbait pertsonak diote tristura ere sortzen diela, amaitzen denean. Halere, ez da negatiboa Korrikagatik beragatik edo euskararengatik, baizik eta ekimena amaitzear dagoelako edo igaro berri delako.
Zer-nolako garrantzia dute emozioek euskal kulturaren transmisioan?
Nire ustez, emozioek euskarara eta euskal kulturara birkonektatzeko aukera ematen digute, eta horrek laguntzen du, neurri txiki batean, euskal kulturaren transmisioa areagotzen. Bestela, berez, emozioek Korrikaren biziraupenari laguntzen diote. Gero, norberaren hautua da euskaraz bizi ala ez; euskarak egunerokotasunean presentzia handiagoa izateko, transmisioan beste urrats handiago batzuk egin behar ditugu. Eguneroko bizimodu azkarrean, emozioei ez diegu leku handirik uzten, eta Korrika bezalako ekimen emozionalek on egiten digute guztioi. Zenbait pertsonari, gainera, bizitza edo egunerokoa birplanteatzeko aukera ematen diete.
Korrika aurretik, bitartean eta ondoren emozioak oso ezberdinak al dira?
Emoziorik indartsuena Korrika bitartean pizten da, jendea bertan parte hartzen ari delako eta guztiz murgilduta dagoelako. Lehenago, urduritasuna nagusitu ohi da pertsonen artean, lasterketa hastear delako edo norbera dagoen lekutik igaroko delako. Ondoren, badira beste zenbait emozio, baina normalean apaldu egiten dira.
Zuri zer emozio sortzen zaizkizu Korrikan?
Aurten, negargura handia, poztasunak eragina. Alaitasuna, urduritasuna, negar egiteko hunkidura... Era berean, familia gogoratzeko unea izaten da, Korrikan familian bizi izan ditugun uneak gogora ekartzekoa. Horrek sorrarazten dit hunkidura.
Aurten, 11 egunez ibili zara Korrikan, furgonetan. Hala egin ez duzun beste urte batzuekin alderatuta, emozio ezberdinak sortu zaizkizu?
Guztiz ezberdinak. Furgonetan, flipatu egin dut, Korrika osoa nola gauzatzen den ikustea asko gustatu zait. Furgonetako lantaldeak nola daraman aurrera Korrika, herri txikietan izaten den parte hartzea, gauez, goizeko ordu txikitan... Ikaragarria izan da.
Mundu akademikoak gero eta gehiago begiratzen dio Korrikari. Oso fenomeno “aztergarria” da?
Aurreko urteekin alderatuta, azken urtean lan akademiko dezente egin da. Hortaz, bai, badirudi jendea Korrika pixka bat gehiago ikertzera animatzen ari dela. Nire ustez, jendeari Korrikak duen dimentsio handia interesatzen zaio, bai parte hartzeari dagokionez bai Korrika bera denarengatik. Baina, era berean, oso gai konplexua dela iruditzen zait. Korrikak esparru asko dituenez, zaila da helburuak eta bidea ongi finkatzea, bidetik ez ateratzeko. Ikerketari dagokionez, hori da Korrikak duen zailtasunetako bat. Ideiak oso argi izan behar dituzu, gero beste atal edo arlo batera ez desbideratzeko.
Korrikaren bilakaera ere aztertu duzu. Desberdintasunak antzeman dituzu garai bateko eta azken urteetakoen artean?
Bai. Hori egiteko, Teresa del Valle antropologoaren lana izan dut abiapuntu. Del Vallek dio Korrikak osatzen duten elementuengatik (korrika egitea, euskara...) eta sinboloengatik irauten duela garaiz garai. Hortaz, gehiegi aldatuko balitz, agian ez litzateke gauza bera izango edo ez luke hainbeste iraungo. Halere, aldaketa batzuk izan ditu. Adibidez, lehen, muga zeharkatutakoan sinbologia guztia euskararen eta Euskal Herriaren ingurukoa zen: Euskal Herria bat da eta ez dago mugarik. Aurten, aldiz, mugak etorkinen egoera salatzeko erabili dira gehiago. Beraz, zenbait sinbolo aldatuz joan dira, baina betiere oinarriei eutsita.
DI-DA BATEAN
Zerk alaitzen dizu eguna? Eguzkiak.
Eta tristatu? Euriak.
Zerk eragiten dizu barrea? Jendeak.
Eta negarra? Jendeak, halaber.
Zerk haserrarazten zaitu? Gaiztakeriak edo pertsona gaiztoek.
Bizio bat? Jendearekin egotea.
Plazer txiki bat? Eguzkipean zerbait hartzen egotea kalean.
Eta plazer handi bat? Adibidez, gertukoekin egotea.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Irakaslea.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Informatikaria.
Korrika, furgonetatik ala lasterka? Furgonetatik.
Korrikan eraman duzu lekukoa inoiz? Ez. Pena handia da.
Korrikak eragiten dizun emozio bat: urduritasuna.