Sambou Diaby
Aktorea
Galtzak bete lan dabil Diaby Oikiarra. Batetik, Artedramarekin biran, Miñan antzezlanean Ibrahima protagonista nagusia gorpuzten. Bestetik, Faisaien irla (Asier Urbieta) filmeko protagonista ere bada. TAE Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean ikasia, batik bat telebista lanetan aritu izan da orain arte aktorea. Besteak beste, Altsasu eta Itxaso telesailetan parte hartu du. Eñaut Mitxelena. Argazkia: Foku.
Miñanen emanaldiak, orain Faisaien irlaren estreinaldia... Atseden hartzeko denborarik bai?
Gutxi. Emanaldi dezente edukitzen ditugu segidan; hortaz, bi jaiegun edukiz gero, ahal beste deskantsatzeko aprobetxatzen dut. Baina ongi, oso pozik nago.
Miñanek ibilbide luzea egin du dagoeneko. Zer moduz?
Oso ongi. Hasi ginenetik, uste dut 27.000 pertsona inguruk ikusi dutela (elkarrizketa apirilaren 6an egin genuen). Hilabete batzuk nahiko gogorrak izan dira, emanaldiak egun askoan jarraian izan ditugulako, baina beste batzuk lasaixeagoak. Publikoaren aldetik oso harrera polita izaten ari da, jendeak oso gustukoa du, eta antzokiak betetzen ari dira.
Etxean artista zarela barneratu al dute? Ongi daramate?
Orain, bai. Emaitzak ikusten ari dira, eta horrek ere lasaitzen ditu. Aitak esaten zuen mundu zaila dela, eta ez nuela lortuko, hasieran ez zuen onartzen. Nik, antzerkia ikasi nuenean, lehenengo urtea ezkutuan egin nuen, etxean ezer esan gabe. Bigarren urtetik aurrera hori nahi nuela barneratu, eta honela esan nion aitari: “Honetan hasi naiz eta hau izango da nik egingo dudana, eta kito”. Orain, emaitzak ikusten ari denez, onartzen ari da. Adibidez, Miñanen estreinaldira etorri zen eta izugarrizko ilusioa egin zion. Halako istorioa kontatzeagatik eta... Bai, bai, orain, ongi!
DI-DA BATEAN
Zerk alaitzen dizu eguna? Musikak.
Eta tristatu? Asperdurak.
Zerk eragiten dizu barrea? Ia edozer gauzak, nahiko alaia naiz.
Eta negarra? Oso sentibera naiz; pelikula erromantikoekin, adibidez, negar asko egiten dut.
Zerk haserrearazten zaitu? Gehienbat, agian, nahi dudana ez lortzeak.
Bizio bat: Dantza eta abestea.
Plazer txiki bat: Zumaian bizi naizenez, hondartzan ilunabarra ikustea.
Eta sekulako plazer bat? Hanburgesak.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Aktorea.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Batxilergoa bukatu aurretik, Filosofia ikastea pentsatua nuen, beraz, ez nuke filosofoa izan nahi.
Aktore bat: Idris Elba.
Oholtza, pantaila handia ala txikia? Pantaila handia.
Zein rol edo pertsonaia jokatuko zenuke gustura? Astronautarena. Zientzia fikzioa, izarrak eta horrelako gauzak asko gustatzen zaizkit; Interstellar da nire film gogokoena, beraz...
Bizitzeko leku bat? Zumaia bera. Polita da eta.