Alba Menendez
Eskubaloi jokalaria
Espainiako Ohorezko Mailako Liga irabazi berri du Menendezek (Zarautz, 1991) Super Amara Bera Bera eskubaloi taldearekin. 8.a du, denak ere Donostiako taldean irabaziak. Txikitatik mugitua eta kirolzalea, bi lagunek eskubaloian jokatuko zutelako hasi zen: “Nik eskubaloia aukeratu baino, hark ni aukeratu ninduela uste dut”. Zarauzko Kirol Elkartean hasi eta 2009an joan zen Bera Berara. Taldeak ordutik lortutako garaipen guztietan parte hartu du: ligak, kopak... Taldeko kapitainetako bat da. Eñaut Mitxelena. Argazkia: Bera bera.
Liga irabazi duzue. Kopako arantza kentzeko balio izan dizue?
Ez. Liga titulu oso garrantzitsua da, urte osoko lana saritzen du, baina aurten gogo berezia genuen Kopa lortzeko, eta uste dut zauritxoa hortxe dagoela oraindik, irekita.
Eskuak, burua, hankak... zer da garrantzitsuena?
Ufa, dena! Talde profesional batean zaudenean, burua ongi jarrita izatea oso garrantzitsua da. Presioa daukagu irabazteko, bai kanpotik jartzen digutena bai guk geure buruari jartzen dioguna. Hortaz, garrantzitsua da kontziente izatea gure inguruan jende asko dagoela kanpotik ikusten, emaitzak exijitzen. Horretaz jabetzea eta ulertzea ezinbestekoa da. Eta sasoian egotea ere bai, noski. Egunero entrenatzen gara, jardun zorrotz-zorrotza da, eta gorputza ongi izatea ere oso garrantzitsua da.
DI-DA BATEAN
Zerk alaitzen dizu eguna? Eguraldi onak, askotan.
Eta tristatu? Entrenamendu edo partida txar batek.
Zerk eragiten dizu barrea? Tontakeriek, baina ez dute zertan txiste txarrak izan.
Eta negarra? Hemen (Gaska kiroldegian) partidak edo tituluak galtzeak.
Zerk haserrearazten zaitu? Askotan, pasotismoak.
Bizio bat: janari ezezagunak probatzea.
Plazer txiki bat? Zarautzen hankak itsasoan sartzea entrenamendu gogor bat eta gero.
Eta sekulako plazer bat? Bidaiatzea.
Taldekide bat: Esther Arrojeria eta Maitane Etxeberria, bi.
Arerio bat: Norvegiako Larvik taldea. Bere garaian, oso talde garrantzitsua izan zen, eta, zorionez, harekin lehiatu ginen.
Jokalari bat: Stine Bredal Oftedal zentral norvegiarra.
Gaska ala Bidebieta? Oso galdera zaila. Gaska.
Zarauzko hondartza ala Donostiakoak? Zarauzkoa.