Korrika gara

Goiatz Labandibar

Martxo honetan, denbora ez dugu egunka eta asteka zenbatuko. Dena izango da Korrika aurrekoa eta Korrika ondorengoa. Izan ere, Korrikak badu zerbait berezia. Korrika da oroitzapen1 asko. Batzuk nireak, besteak zureak, eta gehientsuenak2 kolektiboak.
Korrika da nerbioak dantzan izatea errepidean noiz iritsiko zain zauden bitartean. Korrika da nire amonak gure amonen garaiko gona estu horiekin korrika egitea Big Beñat kantaren erritmoan, bere bizian lehenengoz eta azkenekoz. Korrika da nire alabak, hiru urte bete berri dituenak, eskatzea “jarri nire Korrikako abestia” (Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Txis Pun, Korrika!) eta segidan “orain, jarri zure Korrikako abestia” (Zetakek Korrika honetarako egindakoa). Korrika da lehenengo aldiz lekukoa eraman nuen aldi hura, gaztetxeko ordezkari3, kuadrillako batekin batera; eta azkeneko Korrikan berriz egitea elkarrekin urte batzuk zaharrago (eta, aizue, akaso ardoa bezala onduak4). Korrika da kilometro bat Nafarroako Pirinioetan eta asteburu-pasa lagunekin. Korrika da ipuin bat idaztea Euskal Herriko ikastetxeetarako, bertan irakurtzeko. Korrika da Graxi sorgina, eta Gar eta Kea. Korrika da brainstorming bat Iñakirekin. Korrika da emozioak bultzatuta kilometro gehiegitxo egitea eta hurrengo eguneko giharretako5 mina. Korrika da zozketa bat ikastolan Korrika Txikian lekukoa nork eraman aukeratzeko (Enekori egokitu zitzaion). Korrika da Urepele jendez lepo6 eta amona hura gortinaren atzetik begira. Korrika da, agian, oraintxe herri egiten gaituen ekintza kolektiborik handiena. Korrika da oroitzapenen kutxa zabaltzea eta ordu luzez hari buruz hizketan aritu ahal izatea.
Korrika da, baina geu ere bagara. Korrika da, baina euskara ere bada. Korrika gara, baina Korrikatik harago7, euskara gara. Jarrai dezagun hala izaten.
1. Oroitzapen: recuerdo (es), souvernir (fr).
2. Gehientsu: ia guztiak, gehienak.
3. Ordezkari: representante (es), représentant (fr).
4. Ondu: mejorar (es), améliorer (fr).
5. Gihar: músculo (es), muscle (fr).
6. Lepo: beteta.
7. Harago: más allá de (es), au-delà de (fr).
