Mundu zitalaren kontra (Elkar) eleberria kaleratu du Lizar Begoña idazle bizkaitarrak. Bere proiektuak Igartza saria irabazi zuen 2022an, eta dagoeneko plazaratu da, argitaletxearen esanetan, “begirada eta estilo propioak” erakusten dituen lana. Benidormeko kiosko batean lan egiten duten bi emakume ditu protagonista. Garai batean egunkariz eta bezeroz betetako tokia ahanzturaren eta dekadentziaren ikur bihurtu da, eta bertan betetzen dituzte goiz eta arratsaldeko txandak Pilarrek eta neska gazte batek. Aurrena XX. mendearen erdialdera kioskoa ireki zuen arrantzalearen alaba da, ahizpa zahar ezinduarekin bizi dena; bestea, izenik gabeko neska bizkaitarra, udako lantxo baten bila joana. Bi bakardade paraleloren kontaketaren bidez, egungo gizartearen erretratu zorrotza egin du egileak.

487margarita

IXABEL ETXEBERRIA ikertzaileak Margarita Nafarroako Erregina (1492-1549) biografia kaleratu du Euskaltzaindiarekin. Margarita Frantziakoa Valois leinuko kidea zen, baina, Henrike II.arekin ezkonduta, toki berezia hartu zuen Nafarroako historian. Emakume argia, ez zen soilik politikan aritu: literaturarekiko zuen grina bereziari esker, obra nabarmena utzi zuen, XVI. mendeko literatur sortzaile erreferente bihurtzeraino, eta antzerkia erabili zuen bere ideiak ezagutarazteko.

487akordatzen

EZ NAIZ ONDO AKORDATZEN
Karlos Linazasoro Izagirre
Elkar, 2024

Hagiografia santu baten bizitza kontatzen duen idazkia da; bada, idazleak berak dioenez, liburu hau bere santu bizitzaren azalpen xehea da, betiere oroimenak uzten dion neurrian. Irakurleak mirari harrigarriak, hitzaldi txundigarriak, ekintza dohatsuak… aurkituko ditu bertan, baita adarjotze bikainak, megalomania gaitzak, hipokondria galantak, erudizio alferrikakoa, ironiaren ukitu etengabea... ere.

487bosteko

HONA BOSTEKOA!
Bost komikilariren artean
Geuretik Sortuak, 2023

Udalbiltzako Geuretik Sortuak proiektuaren bilduma honetan bost komikilariren lan bana jaso da, bakoitza Euskal Herriko leku eta garai batean kokatua: Harresia (Unai Gaztelumendi), Gure basoak (Eñaut Aiartzaguena), Txillardegi Bergaran (Kote Camacho Koteto), Handantza (Iñaki Martiarena Mattin) eta Aldaxka pozoituak (Aritz Ibarra). Asmoa, geurea geuk kontatzea, geuretik sortu eta irudikatzeko.

 


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.