Txalaparta argitaletxeak plazaratu du borroka armatuaren ezohiko ikuspegia ematen duen eleberria, Salaberriren lehena. Laurendia gazteari mesfidatzeko esaten diote ingurukoek; azkenean, baita bere buruak ere. Nafarroa Behereko landa eremutik Baionara ikastera joanda, han piztuko zaizkio kontzientzia politikoa, batetik, eta ordura arte bururatu gabeko zalantzak, bestetik. Hala, ETAren laguntza sarean sartuko da, lehenik fardelak batera eta bestera eramaten, eta gero etxean kideak aterpetzen. Laurendiaren istorioa kontatzen bazaigu ere, kontakizun kolektiboa da, hamaika emakume ibili baitira engaiamenduaren sarean. Donamartiriko idazleak Baionak ez daki (Susa) narrazio liburua kaleratu zuen 2015ean; Oihenartea ez da hunki (Elkar, 2023) eta Baiona (Elkar, 2019) helduak euskalduntzeko liburuxkak ere idatzi ditu.
DEI GALDU BAT (Elkar) argitaratu du Idoia Garzes Aldazabalek, nerabeentzako liburua. Itsasoaren hegi banatan aurkitzen diren Aminata eta Itsaso ditu protagonista. “Aminata naiz, 16 urte ditut eta duela urtebete hasi nuen bidaia hau. Entzuten ari bazatzaizkit, telefono hau jaso duzun horri, eskatzen dizut, mesedez, familiari nire berri emateko”. Mezu hori aurkitu du Itsasok oporretako hondartza zoragarrian, botila batean gordetako telefonoan. Adinkide duen Aminataren dei etsia.
MO. BEHI EUSKALDUN BATEN MEMORIAK
Pello Varela/Juan Suárez
Pamiela, 2024
MO behiak bere mundua ulertu nahi du, Balantzategi baserriaren inguruan gertatzen ari dena. Zergatik dago basoa begiz beteta? Nor da Karral? Behi euskaldun baten memoriak, MOren bizitza jasotzen duen kontakizuna, 1991n argitaratu zuen Bernardo Atxagak. Milaka irakurle izan ditu harrezkero, bai euskaraz bai beste hainbat hizkuntzatan. Orain, eleberri grafiko bihurtu dute Varelak (gidoia) eta Suárezek (irudiak).
LANBROA
Pello Lizarralde
Erein, 2024
Larunbat arratsaldea merkataritza gune batean. Gizon bat dabil han, familia ondoan duela. Emakume bat ere bai, bakarrik, zerbait erosteko asmoz. Begiradarik gurutzatu ez arren, gizonak eta emakumeak elkar ikusi dute. Horrek eragindako asaldurak handik lehenbailehen irten eta etxera erretiratzeko behar larria sortu die. Bakoitza bere aldetik, 20 urte lehenago gertatu zena biziberritzen saiatuko dira.