Xabier Mendigurenek Joxe Arregi zizurkildarraren 1981eko atxiloketa eta osteko tortura eta erailketa hartu ditu oinarri Elkarrek argitaratutako liburu hau idazteko. Izenbururako ere, garai hartako euskal herritar askoren buruan iltzatuta geratu zen esaldia erabili du, Agirrek berak Carabanchelgo espetxeko erizaindegian esana. Torturaren gordina begien bistan jartzearren, Arregiren gorpua hilobitik jaso, hilkutxatik atera eta argazkiak egin zizkioten Juan Kruz Unzurrunzagak eta Vicente Ameztoyk hilerriko gorputegian. Bada, egiazko gertakariak bildu ditu Mendigurenek, bizirik jarraitzen duten lekukoak elkarrizketatuta; halaber, protagonisten biografiak eraiki ditu kontakizuna ontzeko. Kronika izaerako narrazioa da, baina modu literarioan idatzia. Egilearen esanetan, “ez dut fikzioa idatzi, baina idazteko modua bada nobelistarena”.
ANE LABAKA MAYOZ da Barraskiloek baino bat gehiago (Erein) obraren egilea. Lehen pertsonan idatzi du, Sararen ikuspuntutik. Neskato protagonistak hamar urte ditu, eta gurasoak banandu egingo direla jakin duen unean abiatzen da kontakizuna. Idazleak, horrela, familia ereduen eta maitatzeko moduen gainean hausnartu nahi izan du. Album ilustratua egitea zen Labakaren hasierako asmoa, baina azkenean nobela bihurtu da kontakizuna.
MASKARA BATEN AITORTZA
Yukio Mishima
Itzulpena: Iker Alvarez
Igela, 2023
XX. mendeko idazle japoniar nabarmenetako baten maisulana. Kochan da protagonista, gizarte japoniar inperial eta militaristan hezitako nerabea. Inguruan dituen jarrera atzerakoi eta gogorrei aurre egin beharrean aurkitzen da bere homosexualitatea onartzeko. Iker Alvarezek zuzenean ekarri du japonieratik euskarara, euskal irakurleek aspaldiko partez goza dezaten berriz ere Mishimaren prosaz.
OIHENARTEA EZ HUNKI!
Arian irakurgaia: A1
Bea Salaberri
Ilustrazioak: Adur Larrea
Elkar, 2023
Peio Oihenartea etxaldean bizi da. Maite ditu laborari lana, natura eta Baigorriko bizimodua. Zoriontsua da maite duen familiarekin eta lagunekin, baina bat-batean desagertu egin da, eta haren desagertze misteriotsuak kezka sortu du. Gainera, Oihenartea ere arriskuan da. Istorio honek misterioa eta elkartasuna lotzen ditu, eta Ipar Euskal Herriko etxebizitza espekulazioaren arazoa agertzen du.