Adriano de Matak 1937ko maiatzean kokatu du Sanrokeetarako, etxean (Txalaparta) nobelaren hasiera. Erresuma Batuak inoiz jasotako errefuxiatu olderik handiena Southamptongo portura iristear da: Santurtzitik itsasoratutako Habana ontzian ia lau mila haur doaz, egonaldiak hiru hilabete iraungo duelakoan. Esaterako, Pirmin, Eusebio eta Aurea anai-arreba lekunberritarrei Sanrokeetarako etxean izanen direla esan diete kaian agurtu berri dituzten gurasoek, errepublikanoek gerra laster irabaziko dutela eta berehala elkartuko direla Debako amatxirenean, urtero bezala, jaiez gozatzeko. Baina gerrak okerrera egin zuen eta ume haietako 250 bat ez ziren inoiz itzuli. Erbestealdi hartan izan ziren hainbat ahotsetan eta dokumentazio lanean oinarrituta idatzi du Adriano de Matak eleberria.

ITSASOAREN ATEA (Elkar) nobela kaleratu du Miren Agur Meabek, iaz Mikel Zarate haur literaturako saria irabazi ostean. Elora neskatoak Ubarroien Uharterako bidaiari ekitean hasten da kontakizuna. Ama hil ondoren, hara bidali du aitak 1870eko neguan, amonarenera. Bertan, Ariane txikia ezagutuko du, hura ere umezurtza. Misterioa, beldurra, magia, kondaira, mitoak... guztia Maite Gurrutxagaren ilustrazioek lagunduta.

 

LATINOAMERIKAREN ZAIN URRATUAK
Eduardo Galeano
Itzultzailea: Iñaki Alegria Loinaz
UEU, 2021

Galeanok duela 50 urte idatzi zuen liburua euskarara itzuli du Alegria Loinazek, eta Iban Zalduak egin dio hitzaurrea. “Kolonialismoaren azterketarako nahitaezko liburu hau” euskaraz egotearen garrantzia azpimarratu du Udako Euskal Unibertsitateak, baita gaur egun oraindik duen gaurkotasuna ere, “50 urtean munduak buelta asko eman dituen arren, gaurkoa ulertzeko lagungarria izaten jarraitzen duelako”.

SASI ARTEAN ELGETA
Koldo Izagirre, Dani Fano eta Garluk
Ikastolen Elkartea & Euskal Herriko Trikitixa Elkartea, 2021
Xabiroi aldizkariak atalka argitara eman ostean, liburu batean dator orain Jazinto Rivas Elgeta trikitilariari buruzko komiki albuma. Ezagutu zuten eta ez zuten trikitilariek erreferentziatzat jotzen jarraitzen duten artista eta trikitilari on askoren maisu, baserriz baserri ere ibili zen jotzen irakasten. Gerran gudari aritua eta kartzela ezagututakoa, oso goxoa ei zen umeekin, baina diziplina handikoa soinuarekin.

 


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.