Argazkia: Foku.

Idazle elgoibartarrak arrakastaren gaineko hausnarketa jarri du mahai gainean Arrakasta (Elkar) izeneko saiakeraren bidez. Hamaika lagun elkarrizketatu ditu, luze eta zabal, gaian sakontzeko: Joxemari Agirretxe Porrotx pailazoa, Eneko Atxa sukaldaria, Izaro Andres musikaria, Harkaitz Cano idazlea, Eva Domingo kazetaria, Maider Egues kazetaria, Jon Garaño zinema zuzendaria, Aizpea Goenaga antzerkilaria, Markel Irizar txirrindularia, Itziar Ituño aktorea eta Gorka Urbizu musikaria. Nork bere arlotik eta ibilbidetik egin du gogoeta arrakastaren inguruko hainbat gai eta gakori buruz: familiaren babesa eta laguntza, berezko dohainak eta diziplina, txaloak eta kritikak, emakumezkoen zailtasun gehigarriak... Egileak bere esperientziak eta hainbat pentsalariren aipuak ere tartekatu ditu lana osatzeko.

485fertxu

FERTXU IZQUIERDO idazle nafarrak ...eta gauetik, euria (Pamiela) eleberria kaleratu du, XX. mendeko azken hamarkadaren kronika, nolabait. Argitaletxearen ustez, “konexio unibertsal ugari dituen garai baten testigantza da, errealista bezain surrealista, egiazkoaren eta irrealaren arteko mugak hausten dituena”. Hala, ahots asko jaso ditu egileak nobela honetan: harri jasotzaile intsumisoa, liburu dendako erakusmahaia defendatzen duen saltzailea, gerra guztietatik ihesi dabiltzan etorkinak...

485nostalgia

NOSTALGIA EZ DA SALGAI
Xan Idiart
Maiatz, 2023

Ipuin liburu honekin, Xan Idiart idazle gazteak mundu berri batean sartzen gaitu. Irudimen mugagabea, fantasia eta umore sarritan beltza erabili ditu bere bigarren narrazio bilduma honetako zortzi kontakizunak osatzeko. Kultura zabalarekin, eta euskara arin eta zehatzarekin, Sharon Tate, krokodilo bat edo pilotu aleman baten irudiak erakusten ditu, kaleidoskopio atsegin moduko batean elkartuta.

485palestina

PALESTINA
Joe Sacco
Itzulpena: Julen Gabiria Lara
Astiberri, 2023

1990eko hamarkadaren hasieran Saccok Palestinara egindako bidaia baten kronika garratza da hau: merkatuetan ibili zen, manifestariekin solasean, nekazariekin bazkaltzen, ospitaleetako gaixoak eta presoak elkarrizketatzen... zerrendako herritarren bizitzan eta kulturan murgilduta. Komiki baliagarria Ekialde Ertainak geopolitika garaikidean jokatzen duen eta orduan jokatzen zuen rola ulertzeko.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.