Eneko Bidegain idazle baionarra Bichta éder (Elkar) eleberriarekin itzuli da literaturara, azken urteotan saiakeraren arloan ibili eta gero. Nobelak Eñaut Oihenart kazetaria du protagonista: Lapurdiko kostaldeko jauregi zahar batean ostatua eraikitzeko egitasmoa ikertzen hasiko da, Xalbat Barnetxe laborari eta militante zailduak ohartarazi diolako hor badela asmo ezkuturen bat. Jauregi horren historiak istorio anitz biltzen ditu: Nafarroako Erresuma ahantzia, Frantziako Iraultza, II. Mundu Gerra, Aljeriaren independentziakoa, handiki familia baten gainbehera... Lapurdiko euskaldunen ezinbizia ere ageri da, nobelaren izenburuan bertan. Horrekin, Bidegainek salatu nahi izan du “euskarari egiten zaion trufa, frantsesezko ortografiaz idaztean Lapurdin egiten diren eraikin berrien euskarazko izenak.

LURRAZ BESTE kaleratu du Garazi Arrula Ruizek, Txalaparta argitaletxearekin. Idazle tafallarrak nortasun kontraesankorren zirrikituetan arakatzeko trebetasuna eta zauri afektiboak deskribatzeko gaitasuna erakusten ditu zortzi ipuinotan: zimendu anitz pitzatuak dituzte pertsonaiek, zimendu egonkortzat zituztenak hauskor bilakatu zaizkielako. Askotariko pitzaduretan arakatzen dute narrazioek: helduleku afektiboak, senidetasun harremanak, bizilekuak, babes eremuak, lan jardunak...

IPUINA ENGAINUA DA
Iban Zaldua
Elkar, 2022

Hamazazpi ipuin daude Zalduaren azken bilduman. Ipuinak baino, nobela laburren neurrira hurbiltzen diren istorioak, betiere ipuinaren muinari eutsita. Gaiak, berriz, askotarikoak: bikote arazoak, adulterioa, guraso eta seme-alaben arteko gorabeherak, kontu fantastiko zenbait, zientzia-fikzio apur bat, sare sozialetako jardueraren parodia, gizarte kritika, pop musikaren mundua...

PUTA
Nelly Arcan
Itzulpena: Miel A. Elustondo
Alberdania, 2022

Idazleak autofikziozko ariketa egin du Montrealen bizi den 20 urteko luxuzko prostituta baten testigantza islatzeko. Narratzaileak gizarte egitura guztien aurka oldartzen den emakumearen beldurrak eta obsesioak erakusten ditu, edertasunaren tiraniaz, anorexiaz, gorrotoaz, etsipenaz, erruaz eta sexuaz tortura gisa hitz eginez, baina baita bizirik sentitzeko modu bakar gisa ere.

 


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.