Idazle gipuzkoarrak nobelaren eta ipuin bildumaren artean kokatu du bere bigarren liburua. Izan ere, bost istorio luze bildu ditu, eta kontakizun horietako bakoitzak hainbat atal dauzka barnean, batetik bestera igarotzen direlarik pertsonaiak, pasadizoak eta erreferentziak. Hala, perspektiba aldatzeak zalantzan jartzen dio irakurleari ziurtzat zeukana, zer den erreala eta zer irudikatua. Halaber, pertsonaien sentimenduak anbiguoak dira askotan, eta haien arteko harremanak nahiko labainkorrak. Autoeskolako irakasle sasifilosofoa, keinu bilduma egiten duen neska beti jatorra, lesio bat eta landare asko zaindu behar dituen aita kezkatua, ikuspegi originalen bila dabilen musikaria… dira narraziotako protagonistak. Usandizagak Kabitu ezina (Elkar) ipuin bilduma kaleratu zuen 2019an. Oraingoa ere Elkar-ekin argitaratu du.
EREIN argitaletxeak aspaldiko liburu baten edizio berria argitaratu du: Jose Antonio Loidi Bizkarrondoren (Errenteria, 1916 - Irun, 1999) Amabost egun Urgain’en (1955) nobela Hamabost egun Urgainen bihurtu da, testua gaur egungo euskarara egokitu ostean, XXI. mendeko irakurleentzat. Kontakizunak Urgain herri baketsuko misterio bat du oinarri, kanposantuko arduradunak tiro baten aztarna ikusi baitio behinola lurperatutako emakume bati. Garaidi gazteak hartuko du bere gain ikerketaren ardura.
SUAK ERREKO EZ BALU
Eneko Barberena
Txalaparta, 2022
Aezkoako mendi sute batean hiru mendizale hil eta geroko ikerketan, poliziak bi artzain atxilotu eta espetxeratu ditu. Urtebete geroago, Konpainia izeneko aseguru etxeak Ainhoa Sanz peritua bidaliko du Aezkoara sutea ikertzera. Lan horretan, meatzaritza enpresen interesak, artzainen arteko ezinikusiak, Guardia Zibilaren presentzia itogarria, gaueko langileak eta beste hainbat elementu aurkituko ditu.
AMAIUR BAT URTERO
Jon Alonso
Gaztelu Elkartea, 2022
Film handi bat egiten ari dira Baztanen: amodiozko istorio kartsua, duela 500 urte setiatua izandako Amaiurko gazteluan. Maitaleen desirak eta ustekabeko heriotza batek ardazten dute nobela. Zinema giroaren xarma erakargarri gertatzen da kontakizun literarioan: fikzioaren ondoko errealitatea intrigaz pizten da, aktoreak bi bider bihurtzen dira protagonista, arazo bitxiekin konplikatzen da produkzioa...