Idazle gipuzkoarrak heriotzaren atezuan abiatu du kontakizuna. Heltzear da aitaren akabera, eta alabak hura hitzekin laztantzeko modu bat entseatuko du. Eleberriak familia harremanen zailtasunei buruz hitz egiten du, besteak beste, alabak askotan ikusi izan duelako alkoholak blaitutako aita sofatik nekez altxatzen, kalea balantzaka zeharkatzen eta bulegoko iluntasunean gotortzen. Nobelak aita eta alaba ditu protagonista: haien artean sortzen den zirkuitu pribatuaren inguruan orbitatzen du liburu guztiak, nahiz eta badiren zirkuitu hori puskatzen duten beste pertsonaia batzuk ere. Bien arteko harremanaren kronika da, oso kronika intimoa, harremana alkoholagatik kutsatuta dagoelako. Liburu gogorra edo iluna eman arren, “argiaren etengabeko bilaketa” ere badagoela adierazi du idazleak.

VI. (H)ILBELTZA BEKA nork jasoko duen jakinaraziko dute datorren hilean. Irabazleak Fred Vargas idazlearen Debout les morts nobela itzuli beharko du frantsesetik euskarara. Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak elkarlanean eskaintzen dute dirulaguntza, euskal literatura beltza hedatu eta munduko literatura beltza euskaratzeko. Hauek dira aurtengo epaimahaikideak: Joseba Otondo (Baztango Udala), Garazi Arrula Ruiz (Txalaparta) eta (H)ilbeltza elkarteko Koldo Biguri.

9 mm PARABELLUM
M.A. Mintegi Larraza
Erein, 2021

Martin sorterrira itzuli da. Behartuta joan zen, eta halaxe itzuli da, amaren hiletara. Bizitza osoa utzi zuen herrian, urte askotako une on eta txarrak, azkenak oso txarrak. Ezin ditu ahaztu, baina iraganaren itzaletan zokoratuta ditu. Itzulerak, ordea, argitara atera ditu, eta Martinek topo egingo du maite zuen emakumearekin, alaba galduarekin, familiarekin, lagun izandakoekin eta aurkariekin…

 

KARENA
Alaine Agirre
Elkar, 2021

Amatasunarekin loturiko hainbat gai dakartza idazleak, normalean isilpean eta ezkutuan geratzen direnak: lagundutako ugalketa teknikak, haien ondorio fisiko eta psikologikoak, bikotean sortzen diren arrakalak, amarenganako errespeturik gabeko erditzeak, nahi gabeko abortuak eta osteko doluak… Agirrek indarrez eta pasioz kontatzen du Sara Mendizabal protagonistaren ibilbidea, minetik edertasuna sortuz.

 


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.