Irakurlea amodioaren gainean gogoetatzera gonbidatzen du Karmele Jaiok bere azken nobelan: Maitasun kapitala (Elkar). Olga da protagonista, irakaslea bera, eta maitale izan zuen Martinen hiletan dagoenean abiatzen da kontakizuna. Pasio istorio sutsua bizi izan zuen harekin, gizonak duela urtebete utzi zuen arte, “hobe dugu hemen uztea” esanda. Oroitzapenetan murgilduta, Olga Martinekiko mendekotasun emozionalaz ohartzen da, eta horrek agerian uzten dio, bere burua emakume aske eta ahaldundutzat izan arren, amodioarekin beti izan duen kontraesana. Hain zuzen, emakumeei maitasuna euren bizitzaren erdigunean jartzen erakutsi zaien moduan sakontzeko tesi bat zuzentzen dabil, horretarako Artearen eta Literaturaren historiako zenbait lanetan oinarrituz. Pertsonaiek bizi izandako esperientziak eta bateko nahiz besteko artistek bultzatutako gogoetak tartekatuz osatu du Jaiok eleberria.

483alonso

CARVALHO EUSKADIN (Susa) argitaratu du Jon Alonsok. Berez, ez da nobela bat, bi baizik, kontakizun bakarrean elkartuta. Lehenengoan, Sánchez Godin intelektuala ezustekoa ematekoa da Nafarroako Gobernuak Iruñean antolatutako goi mailako kultur jardunaldi batean: Manuel Vazquez Montalbanen nobela argitaragabe bat azaldu da, Carvalho Euskadin izenekoa. Eleberri hori, ordea, bigarrena, desagertu egingo da, eta Jon Alonsok 1995ean sortutako Enekoitz Ramirez Lanbas detektibeak argitu beharko du kasua.

483iris

IRIS XXII
Yurre Ugarte Rodriguez
Marrazkiak: Julen Ribas Sasiain
Txalaparta, 2023

Kateaturiko hondamendien ondotik, XXII. mendean, Numun gizartea sortu dute kokaleku ezezaguneko uhartean, landare luminiszenteen argitan. Iraganetik kutsadura, plastikoak eta liburu batzuk besterik ez zaie iritsi. Batzuk arbasoen ondare natural eta kulturala berreskuratzen eta gordetzen saiatuko dira; beste batzuk, berriz, bizitza luzatzen. Eta, tartean, Iris umea haur jolasetan.

483paradisuaren
PARADISUAREN KANPOKO ALDEAK. IDATZI KOMIKOAK ETA TRISTEAK
Bernardo Atxaga
Pamiela, 2023

Bere ibilbide literarioan zehar idatzi eta jendaurrean irakurritako hainbat testu, poema eta ipuin bildu ditu idazle asteasuarrak liburu honetan, tonu, gai eta forma ugarikoak. Adibidez, mailegu eskaera baten simulazioarena: balizko zenbatekoaren, denboraren eta interesen ehunekoaren laukia bete ondoren, adina klikatzeko eskatu dio ordenagailuak protagonistari, eta orduan...

 

 


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.