Susa argitaletxeak kaleratu du idazle nafarraren aurreneko narrazio bilduma. Oparia jasotzen duen umea, hildakoen ilarak eta hiltzaileenak, Lizasoko komuna eta haren itzalean hartutako bainua, svastikak marrazten dituzten bi ume, ospitalera ama bisitatzera doan emakumea, sasoiz kanpoko norbaiten itzulera, diktadorearen koadroari agian eraso egin dion ustezko pailazoa, txanpon makinen zarata... Denetariko giro, garai eta tonuak erakusten dituzten hamasei kontakizun bildu ditu Astizek liburu honetan. Eraikuntza historiko, politiko eta kulturalen alde makurraz zein absurdoaz ari da idazlea, komunikazioaz eta haren faltaz, aro bakoitzean jendeak elkarri eusteko botatzen dituen sokez. Ederki islatzen du hori Peter Fischli & David Weiss-en irudiak ere, liburuaren azala ilustratzen duenak.
AMAIA APALAUZA OLLO da 2024ko (H)ilbeltza bekaren irabazlea, Núria Cadenesen Guillem euskaratzeko. Epaimahaiak azpimarratu du aipagarria dela Apalauzak nola gorde duen katalanezko testuaren erritmoa euskaraz: joskera zainduz, euskararen baliabide ugariak baliatuz eta testuari aberastasuna emanez. Irabazleak 3.000 € jasoko ditu orain, eta beste 3.000 € lana akitzean. Liburua 2025eko abenduan kaleratuko du Txalaparta argitaletxeak, eta 2026ko urtarrilean aurkeztuko dute (H)ilbeltza ekimenean.
ETXAUZ
Pantzo Hirigarai
Maiatz, 2024
Zakarias Putxapal detektibea pipa ahoan, ke bafadak tabako usain goxoa zabaltzen, kopeta ximur, gogoeta sakonetan murgildua... Kontakizun honetan, nahiko lan ukanen du Baigorriko Etxauz jauregian, 1900. urtearen inguruan, jaun eta andere handien artean gertatutakoa argitzen. Doña Adela penatua da, bere senarra desagertua dagoelako; bitartean, pertsona bitxi batzuk agertuko dira Etxauz gaztelura...
BARKAMENA EXISTITUKO BALITZ BEZALA
Mariana Travacio
Itzulpena: Fernando Rey
Erein, 2024
Nobela honek giza izaera, indarkeria eta justizia ditu muin. Gorroto trinkotuei eta mendekuei buruzko istorioa da. Kontakizunaren tramak mantso egiten du aurrera, gauza askotarako denbora utzita: lurraz gozatzeko, eguzki kiskalgarriaren pean ipar haizearen bultzada eta izerdi tanten jarioa sentitzeko... Hasieratik sumatzen dugu tragedia hurbil dela, baina aurrera goaz, dena lehertzen den arte.