Erlojugilea lehenengo, Abisalia gero, Serranok trilogia itxi du nobela honekin. Liburu batek gerraz hitz egitea nahi zuen, beste batek botereaz, eta besteak etikaz, baina azkenean hirurak ere botereaz ari direla aitortu du idazle eibartarrak. Bere sustraietara jotzen duen emakume idazle bat da protagonista, aspaldi utzitako hirira itzuliko baita, hilzorian dagoen gizon antzezle bati emandako hitza betetzeko. Erein argitaletxeko editorearen hitzetan, protagonistaren barne bidaia da, bidaia baten barruan. Irakurlearekin ere jokoa sortzen du idazleak: narratzaile orojakilea dago, baina une jakin batzuetan irakurleari hitz egiten dio. Hirugarren eleberria kaleratuta, bere buruari egin zion promesa bete duela adierazi du Serranok, eta bere literatura osoa liburu honetan bildu duela.
PATXI ITURREGIK Antropozenoaren nostalgia izeneko liburuan bildu ditu egungo munduan nahiz balizko etorkizunean gertatzen diren hamasei kontakizun: hotel garbitzaile esplotatu baten kezkak, kriptomoneten meatzaritzaren gorabehera ilunak, adimen artifiziala entrenatzeko esperimentu hala moduzkoak, gizakien eta makina adimentsuen arteko interakzio problematikoak…
HAIZE BELTZA
Amaiur Epher
Txalaparta, 2025
Haizea bezala, firin-faran dabil nobela honetako protagonista gaztea, Tomas, euskal literaturan norbait izan nahi duen idazle pedante, etsitu eta kexatia. Ironia handiz eta bere buruari trufa eginez, aitzakia bila ari da Tomas bere hirugarren nobela izanen den horren idazketa atzeratzeko, batari eta besteari aholku eskatzen, sormen prozesua behartu nahian. Nahi eta ezin horretan segituko dio irakurleak.
BOTERE HANDI BATEK
Iban Zaldua/Julen Ribas
Ikastolen Elkartea, 2024
Supergizakiak euskal gatazkan nahasi zirenetik, gauzek okerrera egin dute gurean. Fisio, Fusio, Depresore, Lady Toledo, Barrenero, Atari, Zatiki, Porlana eta Makadama, besteak beste, konponbidea aurkitzen saiatuko dira, nor bere modura, gure historia hurbileko labirintoan zehar. Iban Zaldua idazlea eta Julen Ribas marrazkilaria, superheroizaleen mundura garamatzan komiki ironikoan elkartuta.