Txalaparta argitaletxeak kaleratu du Mintegiren azken lana, Akabo izenekoa. Hilketa batetik abiatzen da kontakizuna: bi urteko harremanaren ondoren, gehiago ezin eta Sheenak Manu pozoituta hil eta izozkailuan gorde du. Hortaz, eleberriaren hasieratik daki irakurleak nola amaituko den Sheena eta Manu pertsonaien arteko harremana, baina zerk eragin du lehenak bigarrena hiltzea? Hori azaltzeko asmoz, istorioa orainaldiaren eta iraganaren artean dabil saltoka. Mintegik bikote harreman baten bilakaera1 hartu du ardatz fikziozko obra honetan: bi pertsonaiak (hizkuntzalaria bata eta ingeniari informatikoa bestea) maitasunaz, identitateez eta traizioaz ariko dira. Gainera, bikotekideen arteko botere harremanari ere erreparatu2 dio idazleak: komunikazioa eta komunikaziorik eza, xantaia...
INTIMITATEA izango da aurtengo Hitzen Lihoa Liburu Azokako gaia. Oiartzunen egingo dute azaroaren 12tik 16ra; horrez gain, 10ean, pintura erakusketa bat inauguratuko dute, bi astez egongo dena ikusgai. Egitaraua bera Miren Amurizaren manifestuarekin eta Leire Vargasen poesia musikatuko emanaldiarekin hasiko da, Landetxe aretoan. Ondorengo egunetan, filosofia saioak, mahai-ingurua, tailerra, Izaki gardenak taldearen kontzertua... Igande goizean, liburu azoka eta Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala liburuaren irakurketa jarraitua plazan. Eta, bukatzeko, bertso bazkaria Maider Arregi, Unai Iturriaga eta Alaia Martinekin.

JOSTORRATZA ETA HARIA
Yolanda Arrieta Malaxetxebarria
Alberdania, 2025
Zer gara? Berez3 gurekin datorrena ala bizitzan egiten duguna? Bien nahastea? Bere garaian, galdera horien inguruan eraiki zuen Arrietak liburu hau. Azkenekoz 2001ean berrargitaratu arren (1997an Irun Hiria saria lortuta, 1998an plazaratu zen), egungo testuingururako “egokia” delakoan berrargitaratu dute, Iratxe Retolazaren hitzaurreaz eta Ainara Azpiazu Axpiren azalaz berrituta.

AIZKORAK ETA GUTUNAK
Edorta Jimenez
Elkar, 2025
1828an, Bermeoko Agirretxu baserriko gizonaren gorpua aizkorakadaz4 hila eta baserri aurrean lurperatua agertu da. Haren emaztea eta alaba atxilotu eta epaiketarako bidean jarri dituzte. Nobela historikoa, kronika judiziala eta thrillerra konbinatu ditu egileak: ikerketaren joan-etorriak, pertsonaien gorabeherak, epaiketako xehetasunak5, euskal lurretan garrotez exekutaturiko emakume bakarrenetakoa...
1. Bilakaera: devenir (es), devenir (fr).
2. Erreparatu: arreta jarri, kontuan hartu.
3. Berez: de por sí (es), en soi (fr).
4. Aizkorakada: hachazo (es), coup de hache (fr).
5. Xehetasun: detalle (es), détail (fr).

 
															 
      
      
    