Artikulu eta saiakera idazleak fikziozko lehen liburua kaleratu du: Liztor mutanteak (Susa), 10 ipuinen bilduma. Guztietan ere, aitortu gabeko fantasiak eta bizi puska astunak gainetik kendu nahian dabiltza protagonistak. Hartutako erabakiez, batik bat hartu gabekoez, frustrazioez eta damuez dihardu idazle iruindarrak: eritasunak erauzitako lo orduetan, bizilaguna largabistarekin behatzen duen andrea; maitalearen etxetik seme txikia dagoen ospitalera lasterka doan gizona; mundu literarioko azpijokoak; superheroien unibertsoak, porno atariak eta maitasun perfektuak; haur kanpalekuetako putzuen sakonera; Döner Kebab batean pizza margherita jatea; ohatzeko epeltasun ezagunaren ifrentzuaz jabetzea... Giroari dagokionez, berriz, literaturaren eta harreman afektiboen inguruan dabiltza narrazioak.
KARMELE MITXELENA Etxebeste izan da aurten Mikel Zarate haur literaturako sariaren irabazlea. Dozena bat lan lehiatu dira guztira, eta Mitxelenarena hautatu du Maribel Aiertzak, Leire Bilbaok eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak. Marrubizko uda eleberriak udara kanpin batean pasatzen ari den familia baten xelebrekeriak kontatzen ditu, umorez eta ironiaz. Elkar argitaletxeak argitaratuko du udazkenean.
AZKEN ETXEA
Arantxa Urretabizkaia
Pamiela, 2022
Azken etxearen bila dabil protagonista adinduna, buru-belarri, bizitzako azken babeslekuaren bila. Hendaia aldeko etxe bat begiz jo, eta harekin tematu da. Ez du bizimodu arrunta izan, eta etxe hori lortzeko egingo dituen ahaleginak ere ez dira arruntak izango. Tema horretan, iraganeko mamuak, adiskideak eta hautuak orainaldikoekin korapilatuko dira, elkar zelatatuko duten auzokideen giroan.
AMAIUR. GAZTELU BALTZA
Angel Rekalde Goikoetxea
Ilustratzailea: Amaia Ballesteros
Nabarralde, 2022
1522. Nafarroako gerran, Amaiurko gaztelua konkistaren aurkako erresistentzian nabarmendu zen. Duela 500 urte, berrehun nafarrek 10.000 soldadutik gorako tropa espainiarraren setioari aurre egin zioten. Hil ala biziko defentsa etsigarria izan zen. Gaur egun, Nafarroa independente eta subiranoa izaten jarraitzeko gogoaren eta erresistentziaren sinboloa da borroka haren oroitzapena.