Herri industrializatu bateko iragan hurbila islatu du Nerea Ibarzabal Salegi bertsolariak bere estreinako nobelan, lanaz, familiaz, indarkeriaz... idatzita. Bizimodu aldaketa erabatekora presaka egokitu behar izan duten pertsonak elkartzen dira Gloria tabernan. Distantzia gutxira daude Paradise dantzalekua, gela erreserbatu eta moketazko hormekin, eta hiria bera ere, landa eremuko eta inguruko lantegietako beharginen bilgune. Guztiak ere gizonezkoek menderatutako esparruak. Tabernaren jabe Ana eta Rakel ahizpek eta bertako langile Migelek patxaran gozotan ehuntzen dute hirurei eusten dien sarea, egunaren zurrunbiloa apaltzen denean eta taberna ixten dutenean. Azken batean, “lanak harrapatutako jendea” erakutsi nahi izan du idazleak, “pertsona horiek nola eusten dioten direna izateko indarrari, esku busti eta hanka minberatuen gainetik”.

ILUNPEKO ZELATARIA (Elkar) eleberria plazaratu du Alberto Ladrón Aranak, gerraosteko Iruñean kokatua. Iñigo eta Jokintxo protagonistak eskolako lagunak dira; gerrako irabazleen kasta aberatsekoa da bata, galtzaileen semea bestea, baina Hollywoodeko filmak maite dituzte biek. Hala, zinema aretoan aurkituko dute bahitutako neskatxa baten musuzapia, eta haren arrastoari jarraitzen saiatuko dira bi adiskideak. Egilearen ohiko thrillerren aldean, fantasia ukitu nabarmena du.

ERRETZAILE DAMUTUEN KONPAINIA
Aingeru Epaltza
Elkar, 2022

Edu Saragueta kazetariak ia 60 urte ditu, baina ez dauka ez lanik, ez dirurik, ez osasun onik, ez bikotekiderik. Horiek guztiak lortzen, bere bizitza aldrebestua zuzentzen, ahaleginduko da, eta bilaketa horretan hamaika xelebrekeria bizi izango ditu, baita hainbat lagun bitxi ezagutu ere. Nobela beltza dakar oraingoan Epaltzak, komedia garratz eta erotikoa, jendarte nahasiaren erretratu zorrotza.

NATASHA
Koldo Almandoz
Ilustratzailea: Aritz Trueba

Farmazia Beltza, 2022


Natasha hirira iritsi berri da, unibertsitatean ikasteko. Herritik urrun, eta lagun berriekin, erronkaz beteriko bestelako bizitza aurkituko du. Halako batean, ordea, iragana itzuli egingo da: duela urte eta erdi, izugarri zabaldu zen bideo sexual batean agertu zen Natasha, eta neska gaztearen bizitza erabat asaldatu zen. Orain, Julenekin egin du topo, bideoan berarekin zegoen mutiletako batekin.

 


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.