Susa argitaletxeak plazaratu du bederatzi ipuin biltzen dituen liburua. Apaolazaren literatur ibilbideko hirugarrena da, Umeek gezurra esaten dutenetik (Erein, 2005) narrazio bildumaren eta Mea Culpa (Elkar, 2011) eleberriaren ostean. Argitalpen honek idazle hernaniarrak azken hamarkadan idatzi dituen narrazioak jasotzen ditu. Lur da guztietako protagonista, Madrilen bizi den emakume euskalduna. Hamar urte geroago, pertsonaia nagusi hori hiriko eguzkipean elkartuko da Juan, Josetxo, Fer eta Estebanekin. Elkarri barkatzen dion lagunartea da, nahiz eta bakoitzak bere modura bizi adiskidetasun hori. Ipuinek, protagonistaz gain, lekua eta munduarekiko arroztasun sentsazioa dute komunean; gainerakoan, autonomoak dira eta ez dago zertan ordenan irakurri, ez baitago uztartzen dituen bestelako ezaugarririk.
FAITH eleberria (Elkar, 2021) kaleratu du Lander Garrok, 2020ko Agustin Zubikarai saria irabazi izanaren ondorioz. Garrok bere Gerra txikia (Susa, 2014) nobelako protagonista (Xabi Ugarte) berreskuratu du, baina orduan mutikoa zena 2000. urteko Bartzelonara doan gaztea da orain. Argazkigintza eta zinema ikasteko asmoa du, eta, bide batez, Euskal Herriko jazarpen girotik ihes egitekoa. Kontakizun hunkigarri, umoretsu eta, aldi berean, dramatikoa ondu du idazleak.
BI NESKA MISERIA AZTERTZEN
Txomin Peillen Karrikaburu
Dakit argitaldaria, 2021
Parisen jaiotako andre gaztea da Sofia Rafeli. Txandaka bizi izan da gurasoekin eta amonarekin, haiek kanpoan zirenean. Zuzenbide ikasketen ondoren, doktoretza egin nahi du, epaile izateko. Tesia idazten hastean, aitaren aipua gogoratzen du: “Epaile izan eta justizia eskaintzeko, aurrena injustizia zer den ezagutu behar duzu”. Injustizia eta miserian bizi den jendea aztertzeko, Claudia izango du lagun.
TOTELAK
Fermin Etxegoien
Erein, 2021
Bikote bat Saint-Moritz aldean dabil bidaian, emakumeak bularreko minbizia gainditu duela ospatzeko. Burutazio bikaina izango dute bitartean, euskalgintzari onura ekonomiko handia ekarri ahal diona. Musikari frustratu bat Santanderren jotzen ari da, kalean. Ezustean, harreman estua izan beharko du euskal musikari famatu batekin, eta bizitza aldatu egingo zaio. Liburuak saiakera eta fikzioa uztartzen ditu.