Mikel Pagadizabal aktore, aurkezle eta gidoigileak umore absurdo eta surrealista baliatu du bere aurreneko eleberria idazteko. Zientzia-fikzioaren gai klasiko bat gure errealitate hurbilenean kokatu, eta pertsonaia xelebreak dakartza Elkar argitaletxeak kaleratutako lanak. Izan ere, plater hegalari bat iritsi da gure planetara, baina ez du lur hartu ez Dakotan ez Minnesotan, baizik eta Anoeta herriko Soroeta baserriaren aurreko artasoroan, bertako seme Ilipontxoren eta aldameneko Anttonioren begi harrituen aurrean. Mundu osoa aztoratuko du gertakari horrek, jakina, baina batez ere bertakoak. Egilearen hitzetan, “geure buruari eta geure gauzei buruz hitz egiteko aitzakia” da nobela, kritika soziala eta satira politikoa egiteko modua. Haatik, autoreak badu beste helburu bat ere: jendeak ondo pasatzea Bisita irakurtzen.
EGUNEN AKABERA eleberria kaleratu du Garazi Albizuak, Erein argitaletxearekin. Barras protagonista Santurtzin bizi da, 16 urte ditu. Familia bitxia du: neba, banpiroen friki hutsa; ahizpa, agintzailea; amama, kondairazalea; birramama, diktatoriala; ama aspaldi bihurtu zen olagarro; eta aita… aita erregea da, etxea gobernatzen duen isiltasuna. Barrasek ez du oraindik aitortu, baina beldurra dio munstroari. Eskerrak badituen bi lagun min aurrera egiteko, Youssef eta Ainara Euskolabel.
ELKANOREN HERRIARI BUELTAKA
Ander Izagirre
Itzulpena: Julen Gabiria
Libros del K.O., 2024
Duela 500 urte Elkanok itsasontziz bezala, istorio harrigarriak aurkitzen ditu orain Izagirrek bizikletaz bidaiatzean. Munduko lehen itzulian parte hartu zuen euskal gizartea eta oraingoa alderatuz, zalantzan jartzen du euskaldun itxi eta menderaezinaren mitoa: “Estanpa batean irudikatu behar badira, euskaldunak ez ziren izan, hain zuzen ere, nekazari bakartuak, nabigatzaile promiskuoak baizik”.
ZAZPI GURUTZEAK
Yolanda Donis Manterola
Dakit argitaldaria, 2024
Ama hil ondoren, Anne Basterretxea Kortaburu Irubidera dator, Idahotik. Euskal Herrira datorren lehen aldia da. Kazetaria da eta aldizkariak erreportaje bat egiteko eskatu dio, taldean euskaraz dakien bakarra delako. Hegaldian, amaren armairuan argazkiz beteta aurkitu zuen metalezko kutxatxoa gogoratu du. Aia eta Zarautz arteko Irubide herrian ezagutuko ditu amak ezkutuan gorde nahi izan zituenak.