Goizalde Landabasok bere lehen eleberria kaleratu du: Krakovia (Erein, 2021). Inazio Mujika editorearen esanetan, “liburuak ezinegona sortzen du, txikiak eta zaurgarriak garela erakusten duelako, baina barrea ere eragiten du”. Izan ere, umorearen bidetik heldu dio idazleak kontakizunari, “pertsonaiak bizi duen errealitatea irensgarriagoa egiten duelako. Kra baten kronika da, egoera dramatiko batean protagonistak aurkitzen duen itxaropenerako heldulekua”. Mujikak dioenez, “gaixo jartzen garenean edo gaixo bat zaintzea tokatzen zaigunean, ospitalean edo, sentsazioa da mundua gelditu egiten dela, edo munduak gu gabe ibiltzen jarraitzen duela. Horrelako zerbait bizi du liburuko emakume protagonistak”. Lehen pertsonan idatzia, barne solasaldietara eskainia dago liburu osoa, oso barruko kontuetara.
EUSKALIA nobela proiektuak irabazi du Agustin Zubikarai saria. Mikel Alvarez Sarriegik aurkeztu du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten lehiaketara. Egitasmoa zientzia fikziozko lan umoretsua da, eta nobela beltzaren ukitua du: aurkikuntza harrigarri batzuei esker, euskaldunak unibertsoko potentzia nagusi bihurtu eta inguruko herriak kolonizatzen ari dira. Batzuk, ordea, ez daude konforme, eta kultura espainiarra berreskuratu nahi dute, Izarrek eta Ugutzek, kasu.
GUREA FALANGISTA ZEN
Alberto Barandiaran Amillano
Susa, 2021
Amaginarrebak gordeta edukitako libreta gris bat eman zion Barandiarani, eta honek ziztuan ulertu zuen harekin zerbait egitea nahi zuela. Luis Fernandez Arregirena zen, 1936an Errepublikaren aurka altxatutako neba zaharrenarena, eta Lemoaitzen hil zuten arteko gerra ibilerak jasotzen zituen. Arrastoari segika, beste izen bat agertu zitzaion idazleari: Pablo Amillano Baztan. Aitona, falangista.
NIKOLE BIJOTZEKUA
Edorta Jimenez
Elkar, 2021
Nikolasa Atxikallenderen izena ez da oso ezaguna gure artean; izan ere, Sabino Arana Goiriren alarguna ahaztu, baztertu eta laidoztatu egin zuten, etsaiek ez ezik, hurbilekoek eta ahaideek ere. 2020ko itxialdian hasi zen Edorta Jimenez haren historia idazten, irudia berreskuratuz eta laudatuz, poesiarik onenaren edertasun lirikoaz eta thriller bizkorrenaren intriga guztiaz idatzi ere.