Zuzendaria: Jaione Camborda. Gidoia: Jaione Camborda. Aktoreak: Janet Novas, Siobhan Fernandes, Carla Rivas, Daniela Hernan Marchan. Espainia-Portugal–Belgika, 2023.

Istorioa: 1971. urtea. Maria Galiziako Illa de Arousa herrian bizi da. Itsaskiak biltzen lan egiten du, baina emakumeei erditzen laguntzeagatik da ezaguna, baita haurdunaldiak eteten laguntzeagatik ere. Ustekabeko gertakari baten ondorioz, herritik alde egin eta Portugalera ihes egin beharko du. Bidaia arriskutsu horretan, beste andre batzuen laguntza eta konplizitatea topatuko ditu.

Saria: Galizian bizi den zuzendari donostiarrak Donostiako 71. Zinemaldiko sari nagusia, Urrezko Maskorra, irabazi du bere bigarren film luzearekin. Galegoz grabatutako film batek sari entzutetsu hori irabazi duen lehen aldia izan da. Horrenbestez, Zinemaldiari esker hasitako bideari ginga paregabea ipini dio jaialdi berean Cambordak. Izan ere, Ikusmira Berriak programaren laguntzaren bitartez hasi zen O corno filma garatzen. Hau da, ikus-entzunezko proiektuak garatzen laguntzeko Zinemaldiak sortutako programarekin.

Onena: Emakumeen zapalkuntza, abortua, ihesa, mina, heriotza, eta horren aurrean edo horrekin batera elkartasuna, ahizpatasuna, babesa, indarra, bizitza. Andrazkoak protagonista dituen filmean, andreek beren gorputzaren jabe izateko askatasuna aldarrikatzen du modu gordin eta, aldi berean, sentiberan. Istorio gogorra izan arren, irudi eder ugari eskaintzen dizkio ikusleari, gaia azaletik erraietara dotoreziaz eta zintzotasunez barneratuta.

Eñaut Mitxelena

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.