Zuzendaria: Mark Mylod. Gidoia: Seth Reiss, Will Tracy. Aktoreak: Anya Taylor-Joy, Ralph Fiennes, Nicholas Hoult, Hong Chau, John Leguizamo, Janet McTeer. AEB, 2022.

Istorioa: Bikote gazte bat munduko jatetxe esklusiboenetakora joango da, sukaldaritza esperientzia paregabea bizitzeko asmoz. Jatetxea irla txiki batean dago, eta jite ezberdinetako, baina ezpal bertsuko afaltiarrak bilduko dira bertan. Chefak prestatutako menuak, ordea, ezusteko ugari ekarriko dizkie.

Zuzendaria: Batez ere telesailetan zaildutakoa da Mylod, baina film gutxi batzuk baditu. Pelikulen kasuan, komediak denak. Honako hau ere halakoxea da: komedia beltza, beldurrezko zinemaren ukituekin.

Onena: Menu bat bezala antolatuta, umore eta suspense osagaiak dotoreziaz mahaigaineratzen ditu platerez plater. Antzezlanetik hurbil, goi sukaldaritzari eta haren inguruan sorturiko zirkuari gatza eta piperra barra-barra botatzen dizkio, baita goi klaseko jendilajeari eta aberaskilo ere, jende xehea bazter utzi gabe. Egungo gizartearen portaera eta ezaugarriei ere zorrotz sartzen die aiztoa. Hori bai, kontuan hartuta patata tortilla pintxo soil bat jatea gastroesperientzia (ingelesez esaten bada, hobeto) aparta bilakatu diguten herrian bizi garela, izugarri eskertzen da gastromemelokeriak hautseztatzeko erabilitako piperra, mina.

Txarrena: Hasteko eta behin, Gabonetan ikuskizun sailean izaten den film oso komertzialen zurrunbiloak honako hau irenstea eta, beraz, agian ikusteko aukerarik ez izatea. Pelikulari dagokionez, aizto zorrotza erabili arren, azkenerako zertxobait kamustuta dago. Gidoiak ere baditu zuloak. Halere, zuzendariak zerbitzatutako platerak gustura jaten dira. Menu honek ez du kalte egiten.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.