Robot Dreams
Zuzendaria: Pablo Berger. Gidoia: Pablo Berger (Sara Varon-en eleberri grafikoan oinarritua). Animazioa. Espainia- Frantzia, 2023.
Istorioa: New York, 80ko hamarraldia. Dog txakur bakartia Manhattanen bizi da. Halako batean, robot bat erosi eta muntatzea erabakiko du, laguna izateko. Oso adiskideak egingo dira, banaezinak. Udako egun batean, hondartzara joango dira, eta arratsean Dogek hondartzan utzi beharko du robota, herdoildu denez ezin delako mugitu.
Sariak: Herdoilak ez du harrapatu Berger bilbotarraren animaziozko lana. Canneseko zinemaldian aurkeztu zuen, ondoren Sitgesekoan, eta hainbat saritarako izendapenak lortu ditu han-hemenka: Sitgesen bertan, Goya sarietan, Feroz sarietan... Are gehiago, saritua ere izan da: EFA European Film Academyk 2023ko animaziozko film onenarena eman zion, besteak beste.
Onena: Haur nahiz helduentzako hitzik gabeko film xamur eta ederra. Sentibera, baina sentimentaltasun merkeetan erori gabe; xarmagarria, melenga izan gabe; umore zurikoa, gatzgabetik ez eta gazi-gozotik duena. Gorabehera nabarmenik eta imintzio zalapartatsurik gabe, keinu sotil mordoxkak lagunduta, hasi eta buka erraz ikusten da, betiere atsegin, gustagarri. Bueno, eta 80ko hamarraldian gertatzen denez, adin batetik gorakoentzat nostalgia ariketa polita da, dudarik gabe: telefono kabinak, VHS bideoak eta kaseteak, break dance dantzariak...
Txarrena: Nahiz eta film osoan musikak ederki lagundu eta kontakizunaren joanean ezinbesteko izan, erdialdean erritmoak apurtxo bat behera egiten du.
Eñaut Mitxelena