Zuzendaria: Ken Loach. Gidoia: Paul Laverty. Aktoreak: Dave Turner, Ebla Mari, Debbie Honeywood, Trevor Fox. Erresuma Batua-Frantzia, 2023.

Istorioa: 2016. urtea. Ingalaterrako ipar-ekialdeko herri batean, pub bakarra geratzen da zabalik, eta hura da herritarrek biltzeko duten leku bakarra: The Old Oak. Meategiak ustiatzetik bizi ziren herritarrak, baina itxi zituztenetik gainbehera joan da herria. Hala, bizilagun asko pobrezian bizi dira. Etxe ugari hutsik eta saltzeko merke, agintariek Siriako errefuxiatuei ostatu emateko baliatuko dituzte. Horrek talka sortuko du zenbait herritarrekin.

Zuzendaria: Erretiratzeko gogorik ez zaio sumatzen Loach beteranoari. Edo, ziurrenik, mundua nola dagoen kontuan hartuta, ez du erretiroa hartzeko aukerarik ikusiko. Hala, oraingoan politika xenofoboen oldarrari erantzun dio.

Onena: Merkatu sakrosantuaren mendeko politikek gizakia txotxongilo hutsa bihurtu duten garaiotan, enpatia baliatzen du Loachek ikuslearengana heltzeko, itxaropenari zirrikituak ireki eta hain mundu ilunean argi izpiak badirela erakusteko. Hori bai, azpiratuak azpiratuagoen kontra jartzen dituen sistema zitalean arrakalak sortzeko bidea ere argi erakusten du: “Sendotasuna, elkartasuna eta erresistentzia”.

Txarrena: Ez da Loachen filmik onena, inondik inora ere, eta askok esango dute estereotipoz eta topikoz josita dagoela. Are gehiago, zinikorik eta erretxin zaharmindurik ere izango da kalitate eskaseko film trakets eta ñabardurarik gabea dela esango duena, sentimentaltasun merkeaz baliatzen dena mezua, Loachengan hain usatua, zabaltzeko. Horiei guztiei azkura eragiten badie, primeran!

Eñaut Mitxelena

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.