Zuzendaria: David Leitch. Gidoia: Zak Olkewikz (Kotaro Isakaren liburu batean oinarritua). Aktoreak: Brad Pitt, Joey King, Aaron Taylor-Johnson, Brian Tyree Henry, Andrew Koji, Hiroyuki Sanada, Michael Shannon. AEB, 2022.

Istorioa: Zorte txarra duela konbentzituta dagoen soldatapeko hiltzaile bati lan bat eskatu diote: Marigorringo ezkutuko izenarekin, Tokiotik abiatuko den bala tren bat (abiadura handiko trena) hartu, eta bidaiari bati maletatxoa lapurtu behar dio. Trenean, ordea, soldatapeko hiltzaile gehiago daude…

Zuzendaria: Ezin uka Leitch akziozalea denik: eszena arriskutsuetan aditua eta aktoreen ordezkoa, Pitt bera ordezkatu izan du zenbait filmetan. Zuzendari gisa ere, akziozko lanak egin izan ditu. Ekintzari umorea gehituta, gainera, ongi baino hobeto moldatzen da, Deadpool 2 (2018) filmean edota hemen hizpide dugun Bullet Train-en ikus daitekeenez.

Onena: Filmaren jokaleku den bala trenaren antzera, erritmo biziko pelikula da, azkarra, arina. Treneko bagoietan atzera eta aurrera zoroan, dibertsioa ziurtatua dago. Mota guztietako borroka eta kolpeak, umore beltz eta bihurria, pertsonaia zein baino zein bitxiagoak, elkarrizketa xelebreak, jauziak kontakizunean… Pelikulari bizitasuna ematen dioten osagai horiek guztiek ezinbestean dakartzate gogora Guy Ritchie eta Quentin Tarantino zuzendarien lanak.

Txarrena: Aspertzeko betarik ez dago, ez; hala eta guztiz ere, gehiegikeriaz betetako festa ero baina neurtu horretan, hain zoroa eta era berean hain bizkorra izan behar horretan, badira behartuegiak diruditen une eta elkarrizketa zenbait.

Eñaut Mitxelena


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.