Disco Ibiza Locomía
Zuzendaria: Kike Maíllo. Gidoia: Marta Libertad, Kike Maíllo. Aktoreak: Jaime Lorente, Alberto Ammann, Blanca Suarez, Alejandro Speitzer, Iván Pellicer, Albert Baró. Espainia, 2024.
Istorioa: 80ko eta 90eko hamarraldietan sekulako arrakasta izan zuen Locomía taldeari buruzko filma da. Xavi Fontek gidatutako lagun talde batek sortu zuen, Ibizan. Hasieran, modaren munduan nabarmentzea zuten amets, baina musika ekoizle baten bultzadarekin musikaren alorrean lortu zuten arrakasta, diskotekak hankaz gora jarrita eta milioika disko salduta. Arrakastaren atzean, ordea, arazo eta ika-mika ugari izan zituzten.
Istorioa: Musikarengatik (dance eta pop elektroniko estilokoa) baino estetikarengatik, ziurrenik, baina adin batetik gorakoek gogoan izango dute Locomía taldea. Gustatu ala ez, inork gutxik ahantziko zituen arropa nabarmenez eta koloretsuz eta abaniko erraldoiez aritzen ziren gazte lerden haiek. Nostalgia ariketa egin nahi dutenentzat, beraz, beta aparta da. Garai hartako auskalo zenbat talderen itzulerek eta/edo revival-ek izaten duten arrakasta ikusita, amu honi ere kosk egiteko arrainik ez da faltako.
Onena: Ametsak, laguntasuna, lana, arrakasta, negozioa, interes kontrajarriak, gatazkak, porrota... Musika talde askoren historiaren osagai berak ditu Locomíarenak. Sexua, drogak eta musika. Ibiza, festa eta gehiegikeriak. Aspertu gabe ikusteko kontakizuna osatzea, zaila. Hala da, modu arin eta entretenigarrian ezagutuko baititugu taldearen nondik norakoak.
Txarrena: Taldearen historiak bide bihurriagoetan ibiltzeko aukera emango luke, baina filma ez da halakoetan sartzen. Dibertigarria eta koloretsua, bai, baina indar askorik ez du, azkenean. Gainera, amaiera onberak ez dio mesede handirik egiten.
Eñaut Mitxelena