Zuzendaria: Ernst De Geer. Gidoia: Ernst De Geer eta Mads Stegger. Aktoreak: Asta Kamma August, Herbert Nordrum, David Fukamachi, Andrea Edwards. Suedia-Norvegia, 2023.

Istorioa: André eta Vera gazteak bikotea dira. Ekintzaileak, aplikazio bat sortu nahian dabiltza. Beren proiektua lehiaketa prestigiotsu batean aurkezteko aukera sortu zaie: egitasmoak han jaso ditzake beharrezko bultzada eta babes ekonomikoa. Lehiaketara joan aurretik, Verak hipnoterapia saioa egingo du erretzeari uzteko asmoz, baina horren ostean haren jokabidea zeharo aldatu eta ezohiko moduan jokatzen hasiko da.

Zuzendaria: Aurretik zenbait telesail eta lan labur egina, lehen film luzea du De Geer suediarrak. Ez dirudi hasiera txarra izan duenik, Karlovy Varyko zinemaldian (Txekia) lau izendapen eta hiru sari jaso baitzituen iaz.

Onena: Konbentzio sozialak, bikote harremanak, egungo kapitalismoko harreman profesionalak, eskandinaviar gizarteko erdiko klasea... gai ugari jartzen ditu jo puntuan De Geeren lanak, coaching, pitching, start up, entrepreneur eta antzeko terminoak itsu-itsuan besarkatzen dituen gizarteari satirikoki begiratuta. Horretarako, Andréren eta Veraren ibiliei modu aseptikoan jarraitzen die zuzendariak, ezusteko egoerak baliatuz hain arautuak dauden arlo horiek guztiak (gizartea, bikotea, lan eta ekonomia mundua...) ezbaian jartzeko eta ikuslea etengabe deseroso sentiarazteko. Bestalde, bi aktore nagusiak aipatu behar dira, kontakizun gorabeheratsuan haien lan ona nabarmentzekoa baita.

Txarrena: Filmak ez digu zinema aretoko butakatxoan eroso egoteko aukerarik ematen, inondik inora. Ez espero barre algararik; bai, ordea, irribarre urduri mordoxka.

Eñaut Mitxelena



Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.