Zuzendaria: Wes Anderson. Gidoia: Wes Anderson, Roman Coppola. Aktoreak: Scarlett Johansson, Jason Schwartzman, Tom Hanks, Bryan Cranston, Tilda Swimton. Jake Ryan. AEB, 2023.
Istorioa: 1955. urtea. AEBetan, Asteroid City gezurrezko herrian, desertuaren erdian, hainbat familia bilduko dira Junior Stargazer Convention delakoan: fenomeno astronomikoak behatzeko eskola lehiaketa bat, talentu handiko gazteak erakartzeko. Topaketa hastean, estralurtar bat agertuko da eta hankaz gora jarriko du dena.
Istorioak: Errusiar panpinaren antzean, filmak istorio bat baino gehiago gordetzen du. Asteroid City koloretsuan gertatzen dena (baldin eta zer edo zer gertatzen bada, behintzat) antzezlana da. Zuri-beltzean erakusten zaizkigu antzezlan horren prestakuntzari buruzkoak, eta filmean batetik bestera jauzika ibiliko gara, antzezlanetan bezala eszenatan banatutako lanean. Istorioetan atzera eta aurrera, sorkuntza prozesuari buruzko gogoeta egiten du Andersonek, xelebrekeria eta xelebrekeria artean.
Zuzendaria: Simetria zorrotzak, pastel koloreak, adierazkortasun urriko eta hitz jario azkarreko pertsonaiak, elkarrizketa bitxiak... Anderson hutsa, alegia. Cannesko Zinemaldian aurkeztu zuen pelikula zuzendariak, eta harrera ona izan zuen.
Onena: Andersonek eszena liluragarri eta joriak sortzeko duen gaitasuna beti izaten da filma arretaz ikusteko bermea.
Txarrena: Gogoeta hor dago, bai; baina, bestela, askotan zaila da zer kontatu nahi digun jakitea. Izan ere, koadro koloretsuen segida hutsala dirudi, eta aspergarria da sarritan. Cannesko estreinako emanaldian, sei minutuko txalo zaparrada eskaini omen zioten filmari. Aspertu zirenak bizkortzeko balioko zuen, behintzat.
Eñaut Mitxelena