Zuzendaria: Bong Joon-ho. Gidoia: Bong Joon-ho, Edward Ashton-en liburu batean oinarrituta. Aktoreak: Robert Pattinson, Naomi Ackie, Mark Ruffalo, Toni Collette, Steven Yeun. AEB, 2025.
Istorioa: 2054. urtea. Niflheim planeta izoztua kolonizatzeko misioko kide da Mickey 17, misioko pertsona ‘baztergarri’ bakarra. Hau da, hiltzen den bakoitzean, birsortu egiten duten gizakia: gorputza berriz sortzen zaio, ordura arteko oroitzapen guztiei eutsita. Horrenbestez, lan arriskutsuenak ematen dizkiote beti. Mickey 17 hiltzat joko duten batean, 18. klona sortuko dute. Haatik, 17.a bizirik egongo da oraindik...
Zuzendaria: Bost urte igaro dira Gisaengchung (ingelesez, Parasite) txalotu eta saritua (besteak beste, 4 Oscar jaso zituen) egin zuenetik. Tarte luzea, kontuan hartuta Joon-horen filmak ez direla oharkabean pasatzen eta, beraz, gogoz espero izaten direla.
Onena: Gizartea zorrotz behatzeko aparteko gaitasuna du zuzendari korearrak, beti ziztatzaile. Oraingoan ere hala egin du, zientzia fikziozko satira honekin bizi ditugun garaiotako keria gehienei helduz: turbokapitalismoak irentsitako gizartea, langileen muturreko prekarietatea, askatasuna ahoan faxismoaren besoetarantz doazen politikariak... Lan horretan, termino adierazkor eta indartsua utzi digu filmak, gainera: ‘baztergarria’, gainerakoentzat ezertxo ere balio ez dutenak izendatzeko.
Txarrena: Filma erdibidean geratzen dela dirudi, ia garatzen ez diren bigarren mailako trama ugarien eraginez. Hari mutur asko, baina asko zintzilik daude, nahas-mahasean. Misioko buruzagia den politikari mesianikoaren eta haren emaztearen erretratua egitean ere, groteskoegia suertatzen da, karikatura zarpailegia. Hori bai, nor dakarren gogora, dudarik ez.
Eñaut Mitxelena