Zuzendaria: Guy Ritchie. Gidoia: Ivan Atkinson, Marn Davies, Guy Ritchie. Aktoreak: Jason Statham, Aubrey Plaza, Josh Hartnett, Hugh Grant, Bugzy Malone, Cary Elwes. AEB, 2023.

Istorioa: Greg Simmonds arma trafikatzailea, izugarri aberatsa bera, mundua hankaz gora jarriko duen teknologia bat saltzekotan da. Erresuma Batuko Gobernuak hori eragozteko mandatua egingo dio Orson Fortune espioiari. Ez dirudi lan erraza, baina Fortunek eta bere taldeak badakite nola egin: Danny Francesco Hollywoodeko izarra errekrutatuko dute.

Zuzendaria: Askotan ekarri izan ditugu hona Guy Ritchieren lanak, garai batean une on ugari eman baitzizkigun. Nolanahi ere, tokitan dago lehen filmekin gozarazi zigun Ritchie hura. Balekoa egiten baino, kale egiten dabil aspalditik. Mafia eta gaizkile artean ibili denean eman izan ditu onenak, baina oraingo honetan ez dugu halakorik topatuko.

Onena: Ezin esan zuzendaria espioi kontuekin gaizki moldatzen denik. Ritchie jostalaria antzematen da, espioi filmari trufari heltzen baitio, eta ohi duen bizitasunarekin. Akzioa eta umorea, erritmoa... beharbada, beste batzuetan baino neurritsuago, baina berezkoak dituen ezaugarriei muzin egin gabe. Alde horretatik, entretenimenduzko baleko lana ikusiko dugu, ez gehiago eta ez gutxiago. Arina, denbora pasatzeko nahikoa, tiro eta leherketa festetatik eta Stathamen borroka eta zirtoetatik harago bestelakorik eskainiko ez diguna. Munduko bazter batetik bestera eta ostikotik zartakora, bizi-bizi eramango gaitu filmak espioi bihurri eta gaizkile maltzurren artean.

Txarrena: Aspertzeko betarik ez digu emango pelikulak. Denbora igarotzeko nahikoa baino, nahikotxoa.

Eñaut Mitxelena


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.