Zuzendaria: Sean Baker. Gidoia: Sean Baker. Aktoreak: Mikey Madison, Mark Eydelshteyn, Karren Karagulian, Yuriy Borisov, Vache Tovmasyan. AEB, 2024.

Istorioa: Anora gaztea, Ani, strip-tease dantzaria da Brooklyn-go (New York) klub batean. Egun batean, Ivan izango du bezero, errusiar oligarka baten semea; elkarrekin ongi moldatuko dira eta, diru truk, Ivanek astebete berarekin igarotzeko proposamena egingo dio Anorari. Astea amaitu aurretik, gazteak ezkondu egingo dira. Mutilaren gurasoek jakin bezain pronto, Errusiatik New Yorkera joko dute ezkontza baliogabetzeko asmoz.

Zuzendaria: Bakerri AEBetako gizartearen bazterretan bizi direnak erakustea gustatzen zaio, eta trebeki irudikatu ohi du amets amerikarraren ifrentzua. Hala egin izan du bere aurreko filmetan, batez ere sexu langileei erreparatuta, eta oraingoa ez da salbuespena. Emaitza, arrakastatsua, aurreko lanen antzera, halaber. Horren erakusle, Cannesko zinemaldian pelikula onenaren Urrezko Palma irabazi izana. Hain sari entzutetsuak, gainera, AEBetako zinema independentean ondutako bidean jarraitzeko aukera emango dio Bakerri.

Onena: Aberaskumea eta sexu langilea, dirua eta sexua, maitasuna, interesa, morala eta moralik eza... gai ugari jorratzen ditu pelikulak, generoak ere nahasita: drama, komedia, mafiari buruzko filmen ukituak... Barreak bai, baina baita tristezia eta errealitate gordina ere, Pretty Woman (Garry Marshall, 1990) Hollywoodeko film melenga hankaz gora jartzen duen lanean. Printze urdinik gabeko maitagarrien ipuin aldrebestua, betiere zuzendariak pertsonaia zaurgarrienenganako, gizartearen ertzetan diren horienganako, erakutsi ohi duen xamurtasun eta gizatasun sendoari eutsita.

 


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.